Horrelakoetan ohi denez, istorioak aldaera asko dauzka, baina helmuga berbera dute guztiek. Ipuin herrikoietan badago unibertsala den jakinduria baten oinarria, aisa irits daitekeena munduko edozein biztanlerengana, izaki guztiak zain bereko leinu garen unetik. “Esaten dutenez?”, “halakok jaso zuenez?”, ez dago gertaeraren lekukorik, baina denok sumatzen diogu egiantzekotasun nabarmen bat, istorioa ondo eraikia egote hutsak edertasunaren proportzioak txertatzen baitizkio bere gaiari.

Bazen, behin, arbola baten azpian egoten zen jakintsu bat. Beti leku berean, han ematen zuen eguna patxadan. Urrunetik zein gertuagotik etortzen zen jendea jakintsuarengana galderak egitera, arazoak kontatzera, edo soilik bedeinkapena eskatzera. Denei erantzuten zien amultsuki arbolaren azpian.

Behin gazte bat hurbildu zitzaion, begitartea ilun, zorionaz galdezka: “Denok jaio omen gara zoriontsu izateko, baina ez gara hala izaten gehienetan. Zer egin? Nola lortu?”. Jakin-tsuak, adi-adi entzun ondoren, hurrengo egunean etortzeko agindu zion.

Biharamunean itzuli zen gaztea, baina inor ez zegoen arbolaren azpian. Hura zen lekua, hura zen arbola, baina jakintsurik ez zen inondik ageri. Inguruetara jo zuen denbora pasa, baina alferrik, arbola azpia hutsik zegoen. Bertan eseri zen jakintsuari itxoiteko, zein leku hoberik? Arbolak denonak dira, denonak haien abaroa, itzala eta babesa.

Ederki egoten zen ba! Bakea sentitu zuen gazteak eseri orduko. Norbait hurbildu zitzaion denbora batera. Gaztea aurki ohartu zen jakintsuarekin nahastu zuela. Hura zen lekua, hura zen arbola, denek zekiten han jakintsu bat esertzen zela, auskalo nondik zetorren gizon hura! Jakin-tsua aurrez ezagutu gabe, normala zen harekin nahastea. Gizon erratuari zerbait esatera zihoanean, ordea, txantxarekin jarraitzea deliberatu zuen gazteak. Esango diot gero egia, egingo dugu barre puska bat.

Gizonak zoriontasunaz egin zion itaun: “Denok jaio omen gara zoriontsu izateko, baina ez gara hala izaten gehienetan. Zer egin? Nola lortu?”. Gaztea argibideak ematen hasi zitzaion, modu guztiz natural batean, zertan ari zen gehiegi ohartu gabe. Bisitariak burua mugituz aitortzen zion jakinduria, irribarre batekin.

Esnaturik bezala, orduan konturatu zen gaztea zertan ari zen. Bisitariaren bisaia aztertu zuen adi-adi, eta irribarre egin zuen berak ere.

Jakintsua zen, mozorroturik, hitzik esan gabe ere ikasgairik garrantzi-tsuena zekarrena: bere kabuz eran-tzunak bilatzen erakutsia zion gazteari, ez inoren morroi izaten; erabaki zezala berak nola bizi, inoren gomendiorik jarraitu gabe. Ez zuen maisurik behar, esnatzea behar zuen, hartara askatuko zen bizitza osoa maisutik maisura erromes ematen duten bilatzaile gizagaixoen patu murritzetik. Bere egunen jabea izango zen, ez bere urteen maizterra.

Bizitzan agindu goren bat baldin bada, esango nuke originala izatea dela. Ez inoren imitatzaile, ez inoren jarraitzaile, zu zeu zarena, edo izatera deitua zaren horretara iristea besterik ez. “Originalak” jatorrian dagoena esan nahi baitu, eta zeu baino ez zaude zure askatasunaren jatorrian. Anthony de Mello jesuitak Jesusi ere ez jarraitzeko esaten zuen, Jesus originala izan zelako bere garaian. Izateko askeak harengandik ere, ez ardiak. Elizak lasaitu ederra hartu zuen hil zenean, bere ahotsa isildu zenean.