Izenburu horrekin argitaratu zuen aspaldi Patziku Perurenak liburu eder bat, eta guztiz profetikoa iruditzen zait bi hitz horietan biltzen dena, dakiguna ikusten eta dakiguna irakurtzen ematen baitugu bizitza. Izan ere, ikusten ditugun film gehienak nola amaitzen diren badakigu, batez ere benetan gertatu ziren istorioetan oinarriturik daudenak. Nork ez daki nola amaitzen den J.F.K., Kennedy presidentearen bizitzari buruzkoa? Berdin Lehen eta Bigarren Mundu gerrei buruz egin diren milaka filmetan ere, den-dena dakigu aspalditik: gerra nork eta nola hasi zuen, nola amaitu zen, zeintzuk izan ziren garaile, zein naziok inbaditu zuen bestea, zenbat judu erail zituzten?

Dakigun bezala nola amaitu zen Estatu Batuetako indioen genozidioa, Pinotxeten estatu kolpea, Che Gebararen bizitza, Al Caponeren atxiloketa, Espainiako gerra zibila, Gernikako bonbardaketa, Carreroren hegaldia, Errusiako iraultza boltxebikea? eta istoriorik ezagunena: Jesusen bizitza. Halere milaka film egin dira, eta egiten dira, legendak dioenez atxilotu, torturatu eta gurutzean hil zuten predikatzaileari buruz.

Zinearen mekanika apur bat aztertu duenak badaki, baita ere, pertsonaia nagusia ez dela hilko azken fotogramara arte, baina halere haren sufrimenduekin sufritzera irits gintezke; eta badaki gaiztoa, gehienetan, harrapatuko dutela, izango duela azken despiste bat ikertzailearen irribarre zinikoa isiotuko duena. Badaki ezkontza hori ez dela ongi aterako; pertsona xarmant horrek mozorroa daukala, zitalkeria guztiak estaltzen dituena, badaki emakumeak gezurra esan diola? halere, zergatik ikusten ditugu film hauek guztiak, eta zergatik mantentzen dugu ilusio bat, orain ikusiko dugun film berri honetan zerbait ezberdina aurkitu dugula, harrituko gaituela?

Liburuekin ere antzekoa gertatzen da: nobela beltza denean badakizu lehen atalean norbait hilko dutela, eta azken atalean esango zaigula hiltzailea nor den, guk gutxien uste genuena, beti. Badakigu pertsonaiek arazoak izango dituztela, baina bukaeran kontzientzia lasaituko digun justizia moduko bat ondu duela idazleak. Zergatik heltzen diogu, ordea, ilusio berpiztu batekin liburu berri bakoitzari?

Sarritan irakurri dut emakumeen elkarrizketan (emakumeak dira halako argitasuna adierazten duten izaki bakarrak): “Gizon hura ezagutu nuenean, segituan jakin nuen harekin ezkonduko nintzen gizona zela”. Kontxo, diot nik, bestearen iri-tzia ere jakin beharko dugu, bada! Baina badira halako pertsonak, besteen iritzi edo jarrerak ezagutzeko sena dutenak, ni asko harritzen nauena, neronek ez baitiot, askotan, neure jarrerari ere antzematen.

Sormen lanetatik haratago, bizi-tzak berak ere eragiten digu an-tzeko sentipena. Bere sekuentzia dramatikoa oso xumea da: jaio, gozatu, sufritu, hil. Eta ekuazio horretan gerta daitezkeen aldaera guztiei deitzen diegu esperientzia, bizi-esperientzia.

Zergatik bizi, berriro, film bat, liburu bat, harreman bat, bazkari bat, bizitza bera, nola amaitzen den dakigunean? Ibilbidea interesatzen zaigu, agian, eta ez hainbeste lorpena, helmuga, azken kapitulua. Euripidesek idatzia utzi zuen duela 2.500 urte: “Ez deitu inoiz zoriontsu gizaki bati, azken egunean hilobira nola jaisten den ikusi arte”. Agian hori ere badakigu, bizitza azken segundora arte luza-tzen dela, eta azken segundora arte ikasten jarraituko dugula.