Kalean noizbehinka gertatzen diren topo-egite horietako bat izan zen. “Kaixo, zenbat urte, ondo zabiltza, gero arte, animo”. Gero, tabernan, hura nor zen galdetu zidan nirekin zihoanak. Istorio hau kontatu nion: Duela urte asko, 25 bat agian, Madrileko Chamartin geltokian nengoen, arratsaldeko lauretan atera-tzen zen Talgo trena hartzeko zain. Han egun batzuk pasata etxera nentorren. Mutil hori inguratu zitzaidan, ez dakit ezagutu ninduelako, edo tren hura hartzen zuen jendearen artean asko euskaldunak izaten zirelako, eta bere egoera agertu zidan: kartera galdu edo lapurtu egin ziotela, ez dut gogoan, eta ea emango al nizkion 5.000 pezeta txartela ateratzeko. Nik eman egin nizkion, eta telefonoa eskatu zidan, behin Euskal Herrian dirua itzultzeko.

Berehala heldu zion lagunak nik, nahita, solte utzi nuen hariari: “Eta? Deitu al zizun?” Segundo batzuk utzi nituen erantzunaren tartean, suspensearen gozamena luzatzeko, haren begiradan zer pentsatzen ote zuen susmatzeko. Deitu ote zidan? Edo ez? Ongi egin ote nuen, ala inozo jokatu? Bai, erantzun nion, handik aste betera deitu zidan, hartu genuen kafe bat eta dirua itzuli zidan. “Ondo egin zenuen orduan”, deliberatu zuen berak.

Gaua aurrera zihoan, gozo geunden jatetxean, eta joko bati ekin nion. Eta osagai berri batzuk sartuko banizkio kontakizunari? Adibidez: Gabonetan izan zen, duela urte asko, abenduaren 24a zen, eta Madrileko Chamartin geltokian nengoen Gabon gauerako etxera iristeko behar nuen Talgoaren zain. Hotz zen Madrilen, elur bustia hasi zuen gosaltzen ari nin-tzen bitartean, eta arratsaldeko lauretarako zurituta zeuden kaleak. Orduan mutil bat inguratu zitzaidan, abrigoa leporaino jasota, eta dirua eskatu zidan tren hura hartzeko.

Lagunari begiratu nion, eta haren begietan Charles Dickensen ipuin bat ikusi nuen sortzen. “Emango zenion, ezta?”, atera zitzaion bihotzetik, gero dirua errekuperatu ahalko nuen edo ez pentsatu gabe.

Apur bat makarragoa zen beste bertsio batekin egin nuen proba ondoren: Uda zen, Madrileko mobida ospetsuaren garaian, eta bi egun parrandan ibili ondoren Chamartin geltokian nengoen, lauretan atera-tzen zen Talgo trena hartzeko zain. Tipo bat hurbildu zitzaidan, buruan gandorra zeukan, txupa ziztrin bat, “pitillo” deitzen ziren galtza eskas batzuekin, eta eztarri lakarrez ea euskalduna al nintzen galdetu zidan euskara amorfo batean. Bazirudien hamar egun lo egin gabe zeramatzala, eta dirua eskatu zidan tren hartako txartela erosteko. Lagunak berehala egin zuen salto: “Ez zenion emango, ezta?”. Galdutzat jotzen zuen diru hura, ematera iritsi banintz behintzat.

Istorioa berbera zen: ezezagun batek, geltoki batean dirua eskatu zidan. Baina testuinguruak, istorioaren dekorazioak, sentimendu ezberdinak pizten ditu entzulearengan. Izan zitekeen Gay-en Harrotasun festatik zetorren norbait, emango genioke dirua? Izan zitekeen traje eta gorbatadun gazte bat, sinetsiko genioke ez zeukala dirurik? Izan zitekeen mozkortuta zegoen bat, ekidingo genuke dirua emanez gero ardotan gastatuko zukeela pentsatzea? Idazleok daukagun botere bakarra da irakurlearen sentimenduak manipulatzeko ahalmena, eta irakurleari geratzen zaion askatasun bakarra da ea istorioan ondorio guztiekin murgildu nahi duen ala ez, jakinda horrela soilik lortuko duela munduan den plazerik handienetako bat, norbaitek asmatu duen mundu bat erreala balitz bezala bizitzea.