ÚLTIMA HORA
La hostelería reabre el jueves en Navarra
Maria Rivero, musikaria

"Nire kontraesanei buruz abestu dut"

'Parentesiak' da Maria Riveroren bakarkako lehen disko luzea. Azken bi urteetan ondutako kantuak bildu ditu, ahotsari, "bere tresna baliotsuenari", garrantzia emanez

24.05.2020 | 20:17
Maria Rivero musikaria

Martxo bukaeran, itxialdi bete-betean argitaratu zuen Maria Riverok Parentesiak bere bakarkako lehen lan luzea. Apurka, Siroka edo Hutsa taldeetan egon ondoren, Maria Rivero gisa egin du jauzi lehen lerrora. Balmasedako musikariak barruan dituenak azaleratu nahi izan ditu, baina baita kolektiboaz eta politikoaz hitz eginez.


'Parentesiak' izena jarri diozu lan berriari. Maria Rivero osotasunean ezagu-tzeko entzun beharrekoa, ezta?

Parentesiak hitza bera asko gusta-tzen zait, gauza asko adierazten dituelako. Kasu honetan aukeratu nuen parentesi artean agertzen diren testuak ez dira printzipalak, baina ez badituzu irakurtzen, egia da testua osotasunean ez duzu ulertzen horiek gabe. Disko honekin gauza bera gertatzen da. Agian ez da jendeak espero duena, pixka bat aldentzen baita orain arte egindakoaz, baina entzun beharra dago ni gehiago ezagutzeko.

Orain arte egindakoaz aldentzen da zure bakarkako lehen diskoa da. Formatu berri batekin probatzeko gogoa izan duzu?

Bakarkako lehen disko luzea da. Beti ibili izan naiz taldeetan, hau hamabigarren diskoa da nire ibilbidean, baina Maria Rivero bezala eta lan luze bezala lehena da, bai. Aurretik Kintsukoroi argitaratu nuen EP labur bat, baina ez nuen Maria Rivero lehen lerroan jarri. Kasu honetan hala nahi izan dut eta nik hartutako erabakiak dira guztiak.


Gainera, akustikoan egin duzu, ahotsari nagusitasuna emanez. Bide berri baten hasiera dela esango zenuke?

Alde batetik, egindakoaren jarraipena da, esango nuke garapen naturala izan dela. Eta aldi berean, bai iruditzen zait bide berri bat ere badela. Ahotsari garrantzia handiagoa eman diot, uste dudalako nire tresnarik baliotsuena dela. Ulertuta disko batean instrumentazioa egon behar dela, eta kantei forma emateko ezinbestekoa dela, nahi nuen adierazi ahotsa benetan inportantea dela niretzat.

Bakarkako lana eta autoekoitzia. Erronka bikoitza?

Egia esan nire lan guztiak izan dira autoekoitziak baina beti lantalde baten atzean (Musikherria, Taupaka). Baina oraingoan nik neuk erabaki dut zer, nola€ Esan beharra dago musikaz eta konposatzeaz gain, lan itzela dagoela disko baten atzean, erabaki asko eta menperatzen ez dituzun gauza piloa egin beharra. Horrela ikasi ere egiten da, jakina. Bakarkako lana dela esatea agian asko da, nik beti daukadalako "nire tribua" lagun-tzeko prest, profesional ugarirekin.


Barrura begirako lana egin duzu, eta autoexijentea zarela diozu€ Zelakoa izan da sormen prozesua?

Prozesua ezberdina izan da. Normalean, taldean disko bat aterako genuela erabaki eta horri begira konposatzen genuen. Ni beti egon nahiz konposatzen, baina orain dela pare bat urte hasi nintzen kantu batzuk biltzen, eta behin hemeretzi nituenean, erabaki nuen hortik batzuk aukeratu eta disko bat sortzea. Prozesua izan da diskoa baino, kantuka, bakoitzak badu bere momentua, esanahia€ Egia da barrura begira jarri naizela, baina betiere ulertuta kontu pertsonalez ari naizela eta hortaz, kolektiboaz ere bai, edo politikoaz. Ez da barrura, zilborrera, baizik eta beste kontraesan batzuk azaleratu ditut kantuetan. Zentzu horretan ere ezberdina izan da, agian orain arte orokortasun baten inguruan hitz egin dut edo egoera zehatz batzuen inguruan, eta ez hainbeste nire kontraesan edo hausnarketei buruz.


Osasun krisia dela-eta, Internet bidez aurkeztu behar izan duzu lana. Egoera guztiz berria, ze sentsazio eragin dizu horrek?

Erabaki behar izan nuenean diskoa atera edo ez, krisi modukoa izan nuen. Ez genekien zer zetorren. Esan nuen, diskoa badago grabatuta eta lan asko dago honen atzean, alde batetik banuen askatzeko beharra, jendeari erakustekoa. Horretarako, Internet oso egokia da eta momentua ere bai. Bestalde, ematen zidan aukera jendeari parentesi musikal bat eskaintzeko. Egia da zuzenekoak ez daudela eta hor galtzen dela prozesuaren zati baliotsu bat, jendearen energia hori jasotzea ere bai. Penaz, ez baitakigu noiz ekin ahalko diegun kontzertuei...


Hainbat lagunen kolaborazioa izan duzu diskoan, gainera.

Jagoba Ormaetxearekin grabatu nuen Parentesiak Bilboko TAOM estudioetan. Hiru kolaborazio oso berezi izan ditut. Migue de la Rosa musikari kubatarra eta laguna, iaz ekainean Euskal Herrira etorri zenean aprobetxatu genuen grabatzeko, bere ahotsa ederra da eta asko miresten dut. Bigarrena, Iker Lauroba, nire ustez Euskal Herrian dagoen musikari borobilenetakoa da, laguna ere bai eta nahi nuen proiektu honen parte izatea. Eta Zuriñe Hidalgo, musikatik ezagutzen dut baina gure harremana pertsonaletik joan da eta aspalditik genuen gogoa zerbait gurea egiteko. Guztiek egin dute berezi disko hau.

Non entzun dezakegu 'Parentesiak'? Nola eskuratu?

Plataforma guztietan dago entzungai lana eta formatu fisikoa nire webgunean eros daiteke: www.mariarivero.eus. Berezia da diskoa, irudi originala Nieves Barrenetxeak egin du eta maketazioa Aritz Garciak. Altxor modukoa da.

LABURREAN

Abesti bat: Eñaut Elorrietaren 'Zaldia eta behelainoa'

Artista bat: Ayo

Amets bat: Amets gutxiago izan

Faltan botatzen duzu€ Lagunekin egotea eta pintxoak

'Parentesiak' aurkezteko leku bat: Nire herriko antzokian, Balmasedako Klaret antzokian