AZKEN entsegu egunetan murgilduta dago Maria Goiricelaya eta Yerma osatzen duen lantalde osoa. Estreinaldia eta gero geldirik egoteko betarik ere ez du izango; izan ere, urriaren 4an Arriaga Antzokian ospatuko diren Max sarietan egile berri onena izateko proposatu dute Harri Orri Ar lanari esker. Egun horretan bertan, gainera, bere hurrengo ikuskizunaren entseguekin hasiko da: Altsasu.

Egun batzuk besterik ez dira falta 'Yerma' estreinatzeko. Nolakoak izaten ari dira?

-Entseguen bigarren fasean ari gara buru-belarri. Bi fasetan banatzea gustatzen zait, gauzak birpentsatzeko, xehetasunak hobetzeko eta ondo dagoena finkatzeko. Interpretazioaren zatia hobeto latzen eta alde teknikoa fintzen ari gara: musika eta konposizioa egokitu, argiztapenak eta soinu-espazioek nola funtzionatzen duten ikusi... Aste biziak eta intentsiboak izaten ari dira.

Nolakoa izan da talde lana?

-Denok gozatu dugu prozesu honetan. Lehen irakurketa hunkigarria izan genuen, eta ordutik oso atsegina izan da maila askotan. Aktoreek lehendik elkar ezagutzen zuten eta kimika egon da haien artean, eskuzabaltasun handia pertsonaiak lantzerakoan, eta, paradoxikoki, dibertimendu handia hain istorio gogorra kontatzen duen testu batean.

Zein da istorioa?

-Yerma honek ez du Lorcaren hitz bakar bat ere. Bere klasikoari buruzko egokitzapen librea da, baina, egia esan, pieza %100 garaikidea da. Arrakasta handiko emakume bilbotarra da Yerma, kasu honetan, Bera, eta bizitza inbidiagarria du.

Zergatik egokitzapen hau?

-Lorcak hain du unibertso polit, magiko eta loratua, non batzuetan urrun samar geratzen baitzaigu. Nik pertsonaiak hurbildu eta gaur egungo Bilbora ekarri ditut. Lorcaren Yerma ia ez da etxetik ateratzen, bere senarrak landan egiten du lan eta ez du interes handirik berarekin sexu-harremanak izateko, bere lagunak haurdun geratzen ari dira, baina bera ez€

Eta nolakoa da Yerma hau?

-Yerma Bera izango da. 30 urte ditu, etorkizun handiko bizitza du, dena ondo doakio, maite duen lana eta senarra ditu€ Baina, bat-batean, haurrak ezin izateak bere mundua xurgatuko du. Bere ahizpa eta lagunak haurdun gera-tzen hasten dira eta dena aldatuko da. Lehen ez zuen desira bat zurrunbilo baten gisara sartuko da bere bizitzan.

Kritika ere badu atzean.

-Testuak kritika sakona egiten dio amatasunaren inguruan dagoen negozioari, eta salatzen du oso gutxi hitz egiten dela haurrak izateko ezintasunaren inguruan, jaio haurretik hiltzen diren haurren inguruan, dolu perinatalaren inguruan€

Baduzu harreman pertsonalik gaiarekin?

-Bai, lagun asko intseminazio prozesuetatik igarotzen ari dira, 30 eta 40 urteren bueltan. Emakumeoi ez zaigu esaten 35 urtetik aurrera ugalkortasuna nabarmen jaisten dela urtero, eta ondorioak larriak dira: emakumeak hormonak hartzen, aldaketa fisiologiko, psikologiko eta emozionalekin. Partekatzen ez den sufrimendu asko dago, eta batzuetan inguruak min handia eragiten du.

Badirudi Lorcak 1934an testua idatzi zuen garaiko arazo batzuk bere horretan jarraitzen dutela.

-Nik oso gertutik bizi ditut horrelako hainbat istorio, zenbat izango dira mundu osoan? Nahikoa da amatasunaz dugun ikuskera honekin eta presio sozialarekin. Gauza hauek gertatzen direla partekatzeko espazio bat sortu nahi nuen, mina partekatzeko baina baita aurrera egiteko tresnak banatzeko ere.

BBK aretoaren lehen produkzio propioa da, zein da apustua?

-Lehentasunezko hiru ildo ditu aretoak: gizarte-gaiak lantzea, euskararen normalizazioa eta genero-berdintasuna. Horregatik iruditzen zitzaigun Yerma titulu duina lehen produkziorako, bai gaiagatik, bai ele bitan egiteagatik, eta baita daukagun talde femeninoagatik ere.

Nolakoa izan da euskarara egokitzeko lana?

-Patxo Telleriak egin du eta oso emankorra izan da aktoreentzat. Hainbat entsegutara etorri da eta oso ad hoc egin du egokitzapena. Ez da itzulpen bat, piezaren egokitzapen bat baizik. Ñabardura asko landu ditugu eta hizkuntza aberastasuna asko eskertzen da.

Max sarietan egile berri onena izateko proposatu zaituzte 'Harri Orri Ar' lanarekin, nola jaso duzu albistea?

-Oso pozik. Antzerkigintzako sari garrantzitsuenak dira, sari banaketara joatea ametsa da niretzat. Gainera, aurten sariak Arriaga antzokian emango dira; fantasia bat izango da etxetik atera, kalea gurutzatu eta galara joatea. Oso pozik nago Harri Orri Ar lanarekin saria defendatzearekin, asko maite dut testu hori.

Zer aurreratu dezakezu zure hurrengo proiektuaren inguruan?

-Altsasuko kasuaren inguruko ikuskizuna da. Madrilgo Nuevo Teatro Fronterizo dramaturgia laborategiarekin batera idatzi nuen niretzat hain beharrezkoa zen testu hau. Ikuskizun konplexua da, ez delako gai atsegina, baina nik sutsuki uste nuen ikuskizun bat egin behar zela gertaera hau salatzeko. Testua epaiketan oso inspiratuta dago, baina fikzioa ere badu.