Zizurkil - Bigarren urtea da Aranzadi Zientzia elkarteak Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalekin batera, Gerra Zibileko lubakiak berreskuratzeko Gazteen Auzolandegiak antolatzen dituztela.
Iaz Belkoainen aritu ziren bezala, aurten Zarate-Aitz mendian aritu dira indusketa lanetan. Gerra Zibilean erresistentziak diseinatu zuen defentsa sistema azaleratzea da helburua. Izan ere, tropa frankistei aurre egiteko, Kandido Saseta generalaren batailoiak Andazarratetik hasi, Zarate- Aitzetik zein Andatzatik pasa, eta Belkoain mendiraino jarraitzen duen trintxerak egin zituztela uste da.
Aurtengoan, auzolandegiko gazteek 88 metroko lubaki zatia garbitu eta bistaratu dute. Indusketa lan horietan balak, kaskiloak eta bestelako garaiko aztarna ugari aurkitu dituzte. Horretaz gain, zuhaitzetan P.O. laburdura (ustez “punto de observación” esan nahi du) duen plano moduko batzuk aurkitu dira.
Hiru udaletako ordezkariek “ikerketa fasean aurkitutako aztarnak euskal gizarteari ezagutarazteko baliabideak jartzeko konpromisoa” agertu dute. Maite Amenabar, Zizurkilgo alkarte ordeak adierazi duenez, “Gerra Zibilean inguru hauetan jazotakoa hobeto ezagutzean lagundu du auzolandegiak, baina horretaz gain badu beste balio erantsi bat: lan hau egin dutenak gazteak direla, eta horrek, egia jakiteaz gain, egi horren trasmisioa ere laguntzen duela”. - M.S.S.