Aurtengo Neguko Jardunaldiak martxan daude Hondarribian
|
hondarribia - Martxan dira abenduaren amaierara arte Hondarribiko Neguko Jardunaldiak, “adin guztientzako euskarazko aisialdia eta kultur ekintzak” bultzatzeko helburua duen programarekin.
“Pasa den astean egindako literatura tailerrek eta ipuin kontalariek eman diete hasiera jardunaldiei eta datozen asteetan, ekitaldi desberdinak” izango direla nabarmendu zuen atzo, Neguko Jardunaldien aurkezpena egiterakoan, Hondarribiko Euskara zinegotzi den Arantxa Berrotaranek.
Ekitaldi horien artean, Berrotaranek zenbait aipatu zituen. “Azaroaren 14an, 20.00etan Itsas Etxeko auditoriumean, Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreekin Erdi bana antzerki lana ikusi ahal izango da eta hil horren 27an, Amuteko auzo elkartean, 17.30ean, haurren-tzako Azken eguzkilorea antzerki lana”, esan zuen Berrotaranek.
Dagoeneko, bere ohiko liburuxkan, Hondarribia udal aldizkarian eta www.hondarribia.org webgunean aurkitu ahal den programan, “azaroaren 29an egingo den Kalean Kantuz ekimenaren edizio berezia, ondoren Klink elkartean bazkaria izango duena, eta abenduaren 9tik 13ra Arrantzale Auzoan egingo den Euskal Liburu eta Disko Azoka” ere aipatu nahi izan zituen Arantxa Berrotaranek.
Ez da faltako ere, Neguko Jardunaldietan, urtero Itsas Lur elkartean antolatu ohi den bertso afaria. Hitzordua aurten azaroaren 28an izango da, 21.00etan, eta bertsotan Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballes ariko dira. Sarrerak salgai daude Hondarribiko Batzoki, Enbata eta Txantxangorri tabernetan, Irungo Sunbilla tabernan eta telefonoz ere izena eman ahal da, 628 170 530 zenbakira deituz.
Programan izango dira ere “une hauetan lanak aurkezteko epeak zabalik dauzkaten Txiste Grafikoen Lehiaketako sari-ematea (azaroaren 21ean) eta erakusketa (azaroaren 11tik 23ra), eta Bordari eta Satarka literatura lehiaketen sari-ematea, abenduak 12an”, gogoratu zuen Hondarribiko Euskara zinegotziak.
mintzodromoa Abenduaren 3ko Euskararen Eguna ere Neguko Jardunaldien baitan kokatzen da Hondarribian. “Aurten, egun honetan, iaz Irunen egin zen bezala, Min-tzodromo Erraldoia egingo da Itsas Etxea auditoriumean, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Par-tzuergoak, Hego Lapurdiko Mankomunitateak eta Bortzirietako Mankomunitateak osatzen duten Sareuska lan sareak antolatuta”, aipatu zuen atzo Berrotaranarek.
“Ekitaldi nagusi honez gain, Euskararen Egunean beste zenbait antolatzeko lanean” ari direla esan zuen Hondarribiko Euskara zinegotziak eta “horien artean, Irunekin batera egingo litzatekeen bat lantzen” ari direla aipatu zuen zinegotziak.
Arantxa Berrotaranek dei egin zien hondarribiarrei datorren asteetan“Neguko Jardunaldiek eskaintzen duten programa zabal eta anitzaz disfrutatzera”.
Antzerkia. Erdi bana, azaroaren 14an Itsas Etxean (6 euro) eta Azken eguzkilorea, Amuten, umeentzat, azaroaren 27an (doan).
Bertso afaria. Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballesekin, azaroaren 28an, Itsas Lur elkartean.
Kalean Kantuz. Azaroaren 29an berezia, ostean Klink elkartean egingo den bazkariarekin, eta hileroko ohikoa, abenduaren 27an.
Libur eta Disko Azoka. Abenduaren 9tik 13ra, Arran-tzale Auzoan.