Zarautz - Heldu dira Zarauzko gazteek horren maiteak dituzten Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko (SKAPA) festak. Jai batzordeak ahal duen guztia egin du festak Astazubi plazara bueltatzeko, baina ez da posible izan eta leku berrian ospatu beharko dituzte festak; hain zuzen, Urdaneta kalean, Aranburu kristaldegiaren eta TAOren bulegoaren parean dagoen aparkalekuan.
Duela bi urte bizilagun batek jarritako salaketaren ondorio izan da dena. “Salaketa jarri zutenez, Udalak iaz ez zigun baimenik eman festak Astazubi plazan egiteko eta Salberdingo parkinera lekualdatu behar izan genuen, baina festak bukatu bezain laster argi utzi genien hurrengo urtean betiko lekura itzuli nahi genuela”, dio Azken Portuko Komisiyuak. Dena den, bilera ba-tzuk egin ostean, ez dute helburua lortu eta Udalak eskainitako leku berrian egin beharko dituzte jaiak. “Salaketaren aitzakia erabili dute. Dirudienez, legeak esaten du txosnagune bat eta etxebizitza bat ezin direla 12 metro baino gutxiagora egon, baina legediak garbi esaten du Udalak salbuespenak egin ditzakeela festak edo ekintza kulturalak direla eta. Beraz, legea alde daukagu”, azaltzen du Komisiyuak.
2.700 sinadura Komisiyuak Nik ere buelta! kanpaina jarri zuen abian, eta bideo bat egiteaz gain, 2.700 sinadura bildu zituzten jaiak jatorrizko lekura itzultzeko. Gainera, 500 banderola banatu zituzten, eta gehienak auzoan dauden arren, herri guztian zehar ikus daitezke. “Jende askok eskatu digu festak Astazubin egitea, honek gordetzen baitu festa hauen esentzia, eta festak hasi zirenez geroztik beti bertan izan baitira. Baina Udalak bizkarra eman dio herriari”, diote Komisiyoko kideek. Festa batzordeak txosten bat aurkeztu dio Udalari, eta idatzi baten bidez, festak Astazubin ez egitearen arrazoiak zein diren azaltzea eskatu diote Udalari. Aurten ez da besterik geratzen, baina taldeak argi dauka: “Protestan jarraituko dugu festetan zehar. Ea hurrengo urteari begira zerbait lor dezakegun”. Sare sozialen bidez emango dute protesta hauen berri, ahalik eta jende gehien batu eta herriaren indarra erakusteko asmoz.
Astazubi plaza jaien gune nagusia izango ez den arren, zumba, bertso saioa eta krosa bertan izango dira. Gainontzeko eguneko ekintza guztiak Sagasti plazan egingo dira, gaurko ume jolasak izan ezik. Azken hauek Tentenea plazan izango dira. Gaueko txosnagunea eta kontzertuak, berriz, Urdaneta kalean egingo dira. Belako, Itaca Band eta Chimo Bayo izango dira, besteak beste, hiru egunotako gauak girotuko dituztenak. Bestalde, iaz martxan jarri zuten Eantzank lori ordua izango da egunero. Hala, 22.00etik 23.00etara bi edari baten prezioan hartu ahal izango dira.
“Udalaren eskaintza ikusita, leku hau hautatu dugu Salberdin baino baldintza hobeak eskaintzen dituelakoan, baina ikusiko dugu ondo ateratzen den eta kexarik dagoen ala ez...”, dio Komisiyuak amaitzeko.