Eroskik Euskal Sagardoa Jatorri Izenari lagunduko dio
Kooperatibak bi kalitate zigilu publikorekin salduko du sagardoa, Euskal Sagardoarekin eta Gorenarekin
donostia - Eroskik pasa den ostiral goizean inauguratu zuen sagardo garaia, Eroski Urbil hipermerkatuan, Usurbilen, Astigarragarekin eta Hernanirekin batera Gipuzkoako sagardoaren hiriburua den herri horretan. Txotx egiteko, luxuzko bi aita-amabitxi izan zituzten: Maider Unda kirolari ohi eta Idiazabal Gaztaren ekoizlea eta Ramon Roteta sukaldari eta eskultorea. Haiekin batera, hor izan dira ekitaldian Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Izen berriaren koordinatzailea, Asier Arrese Hazi Fundazioko zuzendaria eta EAEn sagardoaren munduan sakon erroturik diren zenbait etxetako ordezkariak, hala nola Bereziartua, Gurutzeta, Isastegi, Saizar, Zapiain, Egi-Luze, Begiristain, Petritegi eta Zelaia.
Ekitaldian, Eroskik eta Euskal Sagardoa Jatorri Izen berriaren Kontseilu Arautzaileak jakinarazi zuten nolako akordioa egin zuten elkarrekin, Euskal Herrian eta autonomia erkidegotik kanpo bultzatzeko soilik EAEn landutako sagarrarekin egindako sagardo ziurtagiridun berria. Udaberriarekin hasiko dira saltzen, eta logotipo bat izango du sagardo berriak Jatorri Izenarekin; hala, hasieratik zabalduko dute Eroski denda sarearen gehienetan. Gaur egun, milioi bat botila sagardo inguru saltzen ditu kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan; hori ekoizpen osoaren %10 da ia-ia.
“Eroski osatzen dugunok hurbiletik jarraitu diegu sagardoaren sektoreak EAErako pentsatu dituen erronka estrategiko berriei; hasieratik animatu diegu Jatorri Izen gisa elkar zitezen, eta konpromezua hartzen dugu era proaktiboan bultzatzeko kalitate ziurtagiri hau duen sagardo berria”, esan zuen Asun Bastidak Eroskiren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak.
“Urte askoz elkarrekin lanean aritu ondoren, Jatorri Izena lortu dugu. Etorkizunari begira, apustu handia egin du sektoreak. Sagardo naturala egiten duten elkarteak ez ezik hor sartu dira sagardorako sagarra lantzen dutenak ere, ziurtagiri hau babestu eta bultzatzeko. Eusko Label sagardoaren lekukoa hartu dugu, eta itxaropen handiko proiektu bat abiatu dugu, begia XXI. mendeko kontsumitzailean ipinita; izan ere, kontsumitzaile horrek estimutan du era tradizionalean eta %100 hemengo sagarrarekin egiten den sagardoa”, nabarmendu zuen Euskal Sagardoa Jatorri Izen berriaren koordinatzaileak, Unai Agirrek.
Hemendik aurrera, bi kalitate ziurtagiri izango dira elkarrekin merkatuan: Euskal Sagardoa Jatorri Izena, ziurtagiria duen kalitatezko sagardoa, erabat Euskal Autonomia Erkidegoko sagarrarekin egina, eta Gorenak sagardoa, hori ere kalitate ziurtagiriduna eta euskal sagardotegietan egina askotariko jatorria duen sagarrarekin. “Hazi Fundazioak prozesu guztia egiaztatuko du, bi zigiluen kalitatea bermatzeko. Gainera, bi markek Fraisoroko Laborategiko dastatze-panela gainditu beharko dute, hori baita ENACen ziurtagiria duen laborategi bakarra. Laborategi horretan, dastatze organoleptikoak eta analisi fisiko-kimikoak egingo zaizkio sagardoari. Zizurkilen (Gipuzkoa) dago laborategia”, esan zuen Haziko zuzendariak, Asier Arresek, eta hauxe gaineratu du: “Eusko Jaurlaritzak, Haziren bitartez, bi marka ofizial hauek egiaztatzea berme bat da, eta segurtasuna ematen die tokiko kalitatezko produktuen alde egiten duten kontsumitzaileei”. - N.G.