Errenteria - Gaur 19.30ean Errenteriako Niessen kulturgunean, Kukai dantza taldeak dantza, musika eta ikus-entzunezko lan bat uztartzen dituen ikuskizuna estreinatuko du.
Iruñeko Arena Comunicación enpresak Kukai dantza taldearen Oskara ikuskizunaren sorkuntza prozesuaren dokumentala osatu du, eta kultura tradizionala eta garaikidearen arteko harremanaz hitz egiten du. “Ez da sorkuntza prozesuaren making off hutsa, bertan euskal identitateaz, gure identitateaz, hausnarketa bat egiten du, gure lana oinarritzat harturik”, azaldu du Jon Maya dantzariak.
Dokumentala oraindik estreinatu gabe dago, eta Kukaik aurkezpena bere jaioterrian egin nahi izan du. Formatu berezi honetan dokumentala, dantzariak zuzenean eta Erramun Martikorenaren kantua ikus ahal izango dira taula gainean.
Ikuskizun hau, Mayak azaldu duenez, Gasteiz, Bilbo eta Madril ere bisitatuko ditu.
Ekimen hau Korrika Kulturalaren baitan dago. Sarrerak salgai daude hiru eurotan Niessen kulturguneko leihatilan. - A.M.