beasain - Pasa den astean Ordiziako Argi Berri Elkarteak antolatzen duen Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketa irabazi zuen Maddi Aiestaran beasaindarrak, 13 eta 18 urte bitarteko gaztetxoen kategorian. Kale Beltza izena du bere lanak.

Beste urte batzuetan ere parte hartu duzu lehiaketa honetan, baina aurten, lehenengoz, lehen saria eskuratu duzu.

-Oker ez banabil beste hiru bat aldiz ere parte hartu dut Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketan. Gaztetxoengoen kategorian bi aldiz aurkeztu nintzen eta bertan bigarren eta hirugarren sariak eskuratu nituen. Hala ere, pare bat urte lanik bidali gabe egon naiz aurtengo urtera arte.

Geldialdi horren ondoren, zergatik erabaki duzu berriz ere aurkeztea?

-Egia esan denbora kontua izan da. Uztailean hasierarako entregatu behar dira lanak eta ikasketak medio direla, juxtu xamar ibiltzen naizela onartu behar dut.

Aurten, bada, lehenengo saria eskuratu duzu. Espero al zenuen?

-Inolaz ere ez. Sorpresaz hartu nau. Lagun batzuk ere bidali dituzte lanak eta horiek gehiago landutako bertsoak bidaliko zituztela pentsa-tzen nuen, beraz, lehenengo saria lortzea ez nuen batere espero.

Izen handia du Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketak. Sari berezia izan da?

-Denak dira bereziak egia esan, baina onartu behar dut baietz, poz berezia sortu didala. Lazkao Txikirengatik delako bada berezia nire-tzat, eta beti maila altuko lanak aurkezten direlako.

‘Kale Beltza’ izena du zure lanak. Zein gai landu duzu bertan?

-Parrandatik, edo ez, etxera itzultzerako orduan emakumekok askotan kalea beltza ikusten dugu. Horregatik, bertso sorta honetan deskribatu dut parrandatik bueltan etxera doan neska batek dituen beldur eta sentsazioak, bere azalean jarri naiz. Atzetik norbait jarraika duela ikusten du, baina azkeneko momentuan ohartzen da ez duela inor segika, bizilaguna dela baizik.

Errealitate bat isladatzen saiatu zara?

-Bai, askok bizitako egoera bat da, niri ere gertatu izan zait. Aspalditik nahi nuen horrelako gai baten inguruan idatzi.

Idaztea erraza egin zaizu?

-Barrutik atera zaidan zerbait izan da, gertukoa egiten zaidana... zailtasun handirik gabe idatzi dut.

Horrelako txapelketetan gai sozialak lantzea garrantzitsua dela iruditzen zaizu?

-Bai, azken finean ikusgarritasuna ematen zaie. Beharrezkoa ikusten dut horrelako gaiez idaztea eta gehiago landu behar direla uste dut. Esaterako, etxean agian ateratzen da gaia, baina eskolan ez.

Hezkuntzan hutsune bat ikusten duzu, beraz.

-Landu beharreko gaiak dira, eta eskolan ere egin behar da lanketa hori. Hala ere, egia da orain gehiago hitz egiten dela horretaz, lehen isilago edo ezkutuan pasatzen zela.

Idazteko ohitura handia duzu?

-Bai, dezente. Nik niretzako asko idazten dut eta gero lehiaketetara ere bidaltzen dut, urtean lauzpabostetan parte hartzen dut.

Zein modalitatetan parte hartu ohi duzu?

-Denetik... bertsoak bai, poesia ere bai eta prosan ere gustura ibiltzen naiz.

Eta non sentitzen zara gustuen?

-Azkenaldian bertsoetan bapatean ibiltzen naiz eta idatzizkoan gehiago landu behar dira. Horregatik orain ez ditut hainbeste bertso idazten, indar ematen ari naizelako bapatekotasun horri. Bestalde, prosan gustura ibiltzen naiz baina azkeneko urte hauetan poesiari indar gehiago ematen ari naiz, baina zaila egiten zait, zailena. Poesia irakurtzeko ere pila bat gustatzen zait.

Idazteaz gain, irakurtzen ere ibiltzen zara.

-Bai, Beasaingo Irakurle Taldean ibiltzen naiz eta gustura sentitzen naiz bertan. Gazte gutxi dago, baina esperientzia oso polita da.

Zaletasuna nondik datorkizu?

-Nik uste etxetik datorkidala bai irakurtzeko eta idazteko afizioa. Laugarren mailan sari bat lortu nuen Beasaingo idazlehiaketan eta motibazioa eman zidan. Irakurri, berriz, betidanik egin izan dut, eta idazteko irakur-tzea behar beharrezkoa denez...

Barruan duzuna ateratzeko idazten duzu?

-Zenbaitetan bai, baina niretzako idazten dudana normalean ez dut inon aurkezten, niretzako gordetzen dut. Aurten, ordea, Urruzuno lehiaketara bidali dut poesia-bertso bat niretzako gordeta izan dudana hiru urtez. Erabaki nuen bidaltzea eta saria eskuratu du... horrek poz desberdin bat eman dit, oso nirea delako.

Argi izaten duzu zertaz idatzi nahi duzun?

-Normalean bai, zerbaitek atentzioa ematen didanari heltzen diot.

Eta asko kostatzen zaizu idazten ari zaren horri bukaera bat ematea?

-Argi izaten dut non nahi dudan amaitu, baina mezua duen gauzak idaztea gustatzen zait gehien, zerbait erakusten dutenak.