otsail hasierako egunak arras seinalatuak izaten dira neguko egutegian. Gaurkoa eta biharkoa, bereziki. Egia erran, asteak daramatzagu okindegi eta gozotegietan San Blas opilen zuria ikusten, eguberriak bukatu bezain laster kasik. Gaur, postuz beterik eta jendez lepo egonen da San Nikolas plaza, eta eliza ere bai, janariak bedeinkatzeko. Dugunako dantzariek ere kolorea eman diote azken urteotan karrikari, eta alkatea ere bisitan izanen da, horrelako errituak eta ohiturak gustukoak baititu, eta gainera, oposizioko zinegotzi guztiak agertuko dira argazkia egiteko. Bihar, berriz, Agate Deunaren bezpera. Azken hiru urtean bezalaxe, aurten ere Udalak kantu taldeak gonbidatu ditu Udaletxe plazara. Udalburua hantxe izanen da, noski. Duela hiru urte, udaleko talde guztien ordezkariak agertu ziren. Gero, ordea, oposizioko zinegotziek kale egin zuten. Aurten, ikuskizun dago agertuko ote diren. Kantu taldeen artean, Zaldiko Maldiko elkartekoa ibiliko da kantari Alde Zaharrean, Arturo Campion euskaltegiarekin batera. Kantu zaharrekin batera, kopla berriak ere ematen dituzte, pil-pilean dauden gai eta aferen inguruan. Informazio-iturri hautak dira urtez urte zer albiste eta gertakari izan den jakiteko. Konparazio batera, duela 30-35 urteko kopla berrietan, Roldan, Urralburu, Jaime, eta gisako izenak ageri ziren; gero, Chourraut, Barcina eta enparauak. Afera batzuk, dena den, ia 30 urtez jarraian agertu dira; Euskalerria Irratia, adibidez, hainbeste urtetan ukatutako lizentzia eskuratu arte. Azken buruan, hiriaren eta herritarren bilakaera ageri da kopla horietan. Neguko egutegiak ere baditu egun seinalatu gehiago, eta hiriburuan sekulan errotu ez diren inaute giroan, kale proposamen berri bat plazaratuko da aurten, hiriko jendeak berak ondua. Aspaldian hasi ziren sor-tzen eta prestatzen. Heldu da, badator kokoa.