Bertze toki batzuetan bazebiltzan, eta orain gurean. Bizikleta gaineko udaltzainak. Oraingoz, zortzi. Eta bizikletak ere zotzi omen, ohikoak, bateriarik gabeak, giza indarrez ibiltzen direnak. Zenbait platerez eta piñoiz hornituak, hemengo maldak igotzen laguntzeko, ez baita txantxetako kontua, konparaziora, Arrotxapeko zubitik katedraleraino igotzea. Hainbat auzotan ikusiko ditugu, baita autoak sar-tzen ez diren lorategi, berdegune eta parkeetan ere, eta Arga bazterreko bidean eta toki meharretan ere bai. Hala ere, eguraldiak laguntzen ez badu, ez dute zerbitzurik emanen. Egunean bertan erabaki beharko dute txirrindulaz atera edo ez. Xirimiriarekin aterako dira, adibidez? Zalantza. Ez dakit xira egokirik jantziko ote duten. Kasko zuria, behintzat, bai. Beharko. Bertzalde, pentsatzen dut udaltzain txirrindulariek honezkero jakinen dutela kontuz ibili beharko dutela tabernaz gainezka eginda dauden karriketan; pintxo-potearen biharamunean, batez ere. Gautxori aunitzek kristalezko botilak eta edalontziak lurrera bota eta txikitzeko ohitura baitute, den-dena hamaika kristal txikiz beterik utzita, garbiketa-zerbitzuak iritsi arte. Beraz, ordezko gurpil-azalak eraman beharko dituzte gainean, zer gerta ere. Era berean, badakikete arras gauza nekeza dela hemen txirrindulak aparkatzea. Eta kontuz ibili beharko dutela bizikletarekin, behin txirrindulatik jaisten direnean. Uste izatekoa da giltzarrapoekin lotuko dituztela, baina arras sendoak izan beharko dute; bertzenaz, alferrik, eta kate lodiekin lotuta ere, kasu. Lapurrak abilak baitira giltzarrapo mota oro hausten, eta egunero, bizpahiru bizikleta feriatzen dituzte txirrindularien atsekaberako. Nori ez diote hiri honetan eta inguruetan bizikleta kendu? Nik, behintzat, ez nuke izan nahi bizikleta feriatu dioten lehen udaltzain txirrindularia.