Síguenos en redes sociales:

Jendeketa

Jendeketa

Ez dago ezein arautan jasoa baina manifestazio handiak Golemetatik abiatzen dira hiriburuan. Horren jendetza handia biltzea espero ez den manifestazioak, berriz, autobus geltokitik abiatu izan dira luzaroan, autobus geltoki zaharretik, jakina. Bukaerak bi tokitan izaten dira, Sarasaten eta Gazteluko plazan. Azken urtebetean, ordea, gutxienez bi salbuespen izan dira. Izan ere, Altsasukoen aldeko iazko bigarren manifestazio erraldoia Karlos III.enaren goialdean bukatu zen, Bigarren Zabalguneko tabernen onerako, Sanferminetan baino diru gehiago egin baitzuten. Bigarren salbuespena euskararen ofizialtasunaren aldekoa izan zen, joan den udazkenekoa, egungo autobus geltoki gaineko zelaian izan bai-tzuen akabera. Sekulako zelaia da, apustu handiegia, eta ez da erraza hori betetzea. Joan den ortziraleko jendetzak, berriz, aise beteko zuen zelai handi hori, mukuru, ikaragarria izan baitzen; bai hasiera, bai segida, bai Donibanen barna, bai Armada etorbidean; zeren, artetik errateko, izen horrexek berak baitirau, xaflak edifizio singularrean iltzaturik baitirau, eta Katalinaren izenik ez da oraingoz inon ere ageri, eta zalantzak, ageriko ote den. Horrelako manifestazio gaitzek, ordea, bukaera aldea izaten dute arazo, zer ibilbide hautatzen den. Ortziralekoan, konparaziora, nekez pasa zitekeen horrelako jendeketa Sarasatetik Gazteluko plazara, Baleztena etxearen eta Diputazioaren arteko tartea mehargune itogarria baita, eta ezin jendea behar bezala plazan bildu. Orain, Altsasukoen gaineko epaiaren bidegabekeria eta bihozgabekeria ikusirik, uste izatekoa da manifestazio gaitzik izanen dugula hiriburuko karriketan, udaberriak ekarriko digun bozketa giroaren erdian. Ongi legoke karrikako bulkada hautestontzietara ere eramatea, baina ez bakarrik Senaturako, Kongresurako ere baizik, lau indar izan edo bi indar izan.