Orain, badakigu zergatik ez zuen Maya jaunak Labriteko zubia desmuntatu nahi, barnealde usteldua ez agertzeko, jakina. Ohi denez, sozialistak izan ditu kide afera honetan, eta azkenaldian ohikoa izaten ari denez, Aranzadi ere bai. Izan ere, hiru taldeak zubia desmuntatzearen aurka agertu dira duela gutxi Udalean, eta direnak eta ez direnak leporatu dizkiote aginte taldeari, udal teknikariek berek zubia desmuntatzearen alde emaniko txostenak zalantzan jarrita. Nola ez, erdarazko hedabide aunitz izan dituzte bidelagun, eta haietan guztietan gogor baino gogorrago salatu dute egungo agintarien itsukeria. Azken buruan, lau haizeetara zabaldu dutenez, zubia kentzea gobernu taldearen setakeria izan omen da, udal bozak gogoan, aurreko agintarien aurkako gorroto itsuak bultzaturik. Orain, ordea, denak mutu, Maya eta Aranzadi barne. Izan ere, kanpotik ikusirik, bagenekien puska txiki batzuk erortzen hasiak zirela zubitik beheiti; gero eta zati gehiagotan arrailak zeudela, eta egonkortasuna galtzen ari zitzaiola. Azalez, beraz, gaizki zegoen, baina, aste honetan berean langileek altzairuzko lehen xafla herdoildua argira atera bezain laster, barrena gelditu da agerian, eta mamiz are okerrago dago, arrunt hondaturik. Jubilatu tropa handia izan da lekuko (obrek xarma berezia baitute erretiratuendako), denak zur eta lur eginik, eta gero eta koleratuago, xafla deseginak bata bertzearen atzetik atera ahala. Xaflak, egia erran, herdoilduak baino, herdoilak goitik behera janda agertu dira, hainbertzeraino, non xafla batzuk ia bere osoan desagertu baitira. Horra herdoila, arras hitz baliosa 2015era arte udalean izan dugun garai luzea definitzeko; agintari ohiek horixe baizik ez dute eskaintzeko, bertzerik adierazi arren. Ea joan den eguneko jubilatu tropa sumindu horrek gogoan ote daukan herdoil hori heldu den maiatzean.