Berrogei urte joan dira Baigorrin lehen aldiz Nafarroaren Eguna egin zenetik, Basaizea elkarteak antolaturik, mugaz bi aldeetako jendearen artean lehenago zeuden harremanak berreskuratu nahirik. 1979 hartan, Iruñeko Iparla elkarteak antolatu zuen bortuz ber-tzaldera joateko lehen autobusa. Hortaz, hura urte seinalatua izan zen, eta urte berezia ere, bertze arrazoi bat izan zela medio, martxoaren hasieran hauteskunde orokorrak egin baitziren, eta handik hilabetera doi, foru eta udal bozak (aurten bezala). Kongresurako emaitzak beldurgarriak izan ziren: eskuindarrek 4 diputatu (UCDk 3, UPNk, 1), eta PSOEk, bat. Gaur egun, bertzelako indarrek ere badute beren ordezkaria Madrila eramateko aukera, baina gutxi fida. Gauza jakina da estatuko joerek eragin handia izaten dutela gurean; hauteskunde orokorretan, batez ere. Hori bai, beharrik, jende aunitzek ezberdin bozkatzen du Kongresurako eta Nafar Parlamenturako. Dena den, aski da aste honetan berean jakin dugun albiste bati erreparatzea, sozialistengana lerratzeko asmoa duten boto-emaileei oroitarazteko noren alde atera den beti PSN. Epaileak nafar kutxaren auzia artxibatu baitu, nork eta fiskalak eskaturik (Sanchezen aginduei jarraiki), noiz eta kanpaina erdian. Erregimen zaharraren zaintzaileak aunitz eta plantakoak baitira politikan, auzitegietan nahiz hedabideetan, bai hemen bai estatuan. Korralito forala berrezartzea ber-tze xederik ez dute, eta gaur eman nahi diote lehen zartakoa Aldaketaren gobernuari. Beraz, Kongresurako jokoan diren bortz postuetarik gutxienez bi eskuratu beharko lituzkete aldaketaren aldeko indarrek, eta Senaturako lauetarik, hiru, maiatzeko bozei indarrez ekiteko. Hortaz, etxean gelditu gabe, hobe genuke gaur botoa ematea, eta gero, lasai igaro Izpegi, Urkiaga edota Ibañeta, nafarren senidetasuna ricard bat eskuan Baigorrin ospatzeko.