Alegia - Langaurreko atsedenlekuko txabolan pasa den astean sortu zen sutea eragindakoa izan zela pentsatzen du Alegiako Udalak eta horrelako gertaera batek eragin di-tzakeen kalteen inguruan hausnarketa egiteko deia egin du.

Ostegun arratsaldean, 16.00ak pasatxo zirela, sortu zen sute txikia Alegiako landa eremu honetan. Inguruko baserri bateko bizilagunek somatu zuten kea txabola barruan, gerturatu eta sua egiteko egokituta dagoen eremutik kanpo piztuta zegoen sute bat topatu zuten. Bizilagun horien esku hartze azkarrak eta suhiltzaileen lanak ekidin zuen kalteak handiagoak izatea. 17.15erako suhiltzaileak Langaurretik joanak ziren.

Txabolaren alde bat estaltzen duten egurrak eta horma belztuta geratu dira, baina inguruak ez du aparteko kalterik izan. Sua egiteko egokitutako eremutik kanpo piztutako sua izateak kezka eragiten dio Alegiako Udalari. Nahita eragindako sute bat izan dela pentsatzeko zantzuak daude eta Langaurre bezalako eremu batean sortu daitezkeen kalteen inguruan hausnarketa egiteko deia egin da. - M.S.S.