- Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak udalaren laguntzarekin antolatuta Udako zikloa abiatuko da igandean 19:30ean Pettik Plaza Zaharrean eskainiko duen kontzertuarekin. Manipulazio estrategiak bere azken diskoa aurkeztuko du musikari eta abeslari beratarrak.

Ondotik, uztailean, abuztuan eta irailean bertze hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Uztailaren 24an, Alkaiagan, Santiago besten seinalea izanen dute. 19:00etan Muxikoak izanen dituzte Jaiki Hadi taldearekin. Uztaileko egitaraua bukatzeko, hilaren 30ean, 22:00etan Matriuska antzerkia eskainiko du Kamikaz Kolektiboak Bixkantxeneko plazan.

Abuztuaren 7an, 18:30ean hasita, haurrentzako Altxorraren Bila kulturala izanen dute Plaza Zaharrean. Abuztuaren 13an, 19:00etan Eltzeta Plazan, Egur taupadak txotxongilo antzerkia emanen du Ttipia Produkzioak taldeak. Abuztuaren 21ean, 19:00etan, Puxkak dantza emanaldia eskainiko dute Led Silhouette, Unaiuna eta Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak Harriondoako atarian. Abuztuaren 23an, 18:30ean Ameli ipuin jostune ipuin kontalaria izanen da Iturbena plazan; 28an, 20:30ean bertso saioa eskainiko dute Xabier Silveira eta Unai Iturriaga bertsolariek Onin gaineko zubi konkordunean eta 30ean, 13:00etan Hurih bikoteak kontzertua emanen du Koskila iturrian.

Irailaren 4an, 1 Zahar Etxean emanaldia izanen du Txamukos Mariatxi taldeak. Egun berean, Plaza Zaharrean, 20:00etan, Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa izanen da Lankuren eskutik. Irailaren 11n, 19:00etan plazatik hasita, kantu saioa eginen du Lesakako abesbatzak. Irailaren 12an, 10:30ean, Lesakako erraldoien eta buruhandien konpartsa karrikaz karrika ibiliko da eta 19an, zikloaren itxiera ekitaldia eginen dute.

Emanaldi guzietan osasun emergentziak eragindako araudia betetzea izanen da lehentasuna. Ekitaldi bakoitzean, segurtasun-protokolo zehatza izanen da, hasi baino lehen azalduko dena.