- Baztan, Urdazubi eta Zugarrmaurdiko gizarte zerbitzuek sumatu dute pandemiaren eragina, eta urte osorako prestatutako plangintza makurtu egin zitzaien martxoan. Prebentzio lanak utzi eta buru belarri aritu dira egoera zaurgarrian zeudenei arreta eskaintzen eta beren beharrak asebetetzeko ahaleginean. Oraindik ere lan horretan dihardutela aipa-tzen du Ainara Ayestaran hezitzaileak, baina ikasturtea hastearekin batera Haurtzaro eta Prebentzio programa berriz ere martxan jarri dute. Hilabetero gai desberdin bat lantzen saiatzen dira, ekimen desberdine bidez. Urrian, inklusioaren inguruko bi ipuin kontaketa saio, arras arrakastatsuak, burutu dituzte, Ameli eta xirrikituen jostunen eskutik. Urte nahasi hau bukatu bitartean ere hainbat ekimen eginen dituzte, gai desberdinak landuz. Errate baterako, haurren eskubideen nazioarteko egunaren harira, gaur, 17.00etan Arizkunenea kultur etxean Motxilaren umea izeneko dokumentala proiektatuko dute. Ama espetxean duen neska adingabe baten historia du ardatz filmak, Euskal Herrian hainbat eta hainbat haurren egoeraazaleratuz. Honekin batera, ikastetxeetan gaiari loturiko unitate didaktiko bat banatu dute bertan lantzeko. Gaurko hitzordurako edukiera mugatua dagoenez, parte hartzeko izena eman behar da 689 035 078 telefonoaren bidez.

Hurrengo astera begira, azaroaren 25a Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna denez, Printzesa eta igela, nire aukera! izeneko ipuin kontaketa antzeztua emanen dute Arizkunenean, 17.00etan. Conchi eta Maite Redinek, Adriana Olmedok eta Ainhoa Ruizek osatutako T Diferencia taldeak eskainiko du emanaldia.

Eguberrien atarian, berriz, abenduaren 14tik 18ra, 9.00etatik 13.00etara, jostailu bilketa solidarioa eginen da Baztango Gizarte Zerbitzuan. Jasotako jostailuak, arropak, liburu edota diskak, adibidez, egoera ahulean dauden familien artean banatuko dira. Jostailu eta arropak egoera onean eramatea eskatzen da, guztiak desinfektatu ondotik banatu ahal izateko.

Abenduaren 18an Zirtaka antzerki taldearen eskutik Ongi etorri lagun! ikuskizunaz gozatzek oaukera izanen da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Modu dibertigarri batez, kulturartekotasuna eta integrazioa lantzea izanen du helburu ikuskizun honek.

Antolatutako ekintzekin bukatzeko, azken urteetan bezala, Eguberrietan, abenduaren 28tik urtarrilaren 5era haur txokoa antolatu dute. 3-12 urte bitarteko haurrei bideratutako ekimena Elizondoko Lanbide Eskolan eginen da, 10.00etatik 13.00etara. 20 euro ordaindu beharko da (egoera ekonomiko ahulean dauden familiendako laguntza izanen da) eta gizartehezitzailea2@baztan.eus e-postan eman beharko da izena abenduaren 21a baino lehen.

Urtea bukatu bitartean ekintza aunitz eta anitzak antolatu dituzte gizarte zerbitzuek, eta hurrengo urtera begira jarriak dira dagoeneko. Haur eta familien prebentzio programez gain, 12-16 urte bitarteko gaztetxoei bideraturiko ekimenak martxan jarri nahi dituzte, izan ere, Ayestaranek dioenez, "Baztanen nerabe aunitz daude adin tarte horretan, 358, eta sarritan alde batera gelditzen dira, ez direlako haurrak eta ezta helduak ere, heldu den urterako, beraiengana hurbildu eta beraiei egokitutako jarduerak antolatzea dugu helburu".

Ipuin antzeztua. Azaroaren 26an, 17.00etan Printzesa edo igela, nire aukera! emanaldia, 17.00etan Arizkunenean.

Jostailu bilketa. Abenduaren 14tik 18ra bitartean bilduko dituzte jostailu eta arropak, beharra duten familiei banatzeko.

Ongi etorri lagun! Kulturartekotasuna eta integrazioa lantzeko emanaldia abenduaren 18an izanen da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean.

Haur txokoa. Abenduaren 28tik urtarrilaren 5era eginen da, 3-12 urte bitarteko haurrei bideratua.

358

Gaztexo daude Baztanen 12 eta 16 urte bitartekoak. 2021ean beraiei bideratutako ekimenak martxan jar-tzeko erronka dute gizarte zerbituek.