Urte bukaerako Ba-tzar Nagusia egin zuen atzo Udalerrii Euskaldunen Mankomunitateak Lesakan. Bertako Harriondoa Kultur Etxean bildu ziren UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak eta UEMAko kide diren Nafarroako hamalau udaletako ordezkariak. Gainerako batzarkide guztiek, berriz, online hartu zuten parte Batzar Nagusian. Guztira ehun bat alkate eta zinegotzik hartu zuten parte batzarrean. Bertzeak bertze, UEMAra sartzeko Lesakak egindako eskaera onartu dute. Horrela, UEMAko 88. udalerria bihurtu da Bortzirietako herria. Lesaka gehituta, gainera, Bortzirietako udal guztiak dira orain UEMAko kide.

Lesakaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021rako egitasmo nagusiak ere onartu zituzten batzarkideek. Urte berezia izan da 2020a, eta UEMAk ere pandemiak eragindako egoerara egokitu eta moldatu behar izan ditu lanerako ildoak. Batzar Nagusia online egitea bera izan da horren erakusleetako bat.

2020ko balantzeari dagokionez, udan UEMAk, 61 udalek eta bortz garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu zuten, landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik. Horrez gain, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, etorri berrientzako harrera protokoloak edota herritarrak kontzientziatzeko ekimenak ere gogoratu zituzten.

2021erako onartutako egitasmoetan, udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko ekimenez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu zituzten. Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: milaka ikaslerengana heltzen den Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak.

Bertzetik, ikerketa arloa: kale erabilera neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, edota haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa.

Hirugarrenik, ekimen berritzaile gisa, UEMAk bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu zuten. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izanen da zerbitzu berria, beti ere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadin bermatu ondoren.

UEMAko kide izateko Lesakako Udalak egindako eskaera ere onartu zuten batzarkideek. Horrela, UEMAko kide den 88. udala bihurtu zen atzo Lesaka. UEMAko kide diren udal guztien artean 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Lesakako Udalak UEMAko kide izateko eskaera egitea. Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, “herri euskalduna da Lesaka, eta naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara. Horren aitzinean, UEMAk duen esperientzia baliatuz, herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea da gure asmoa. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko UEMA bidelaguna da. Euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk”.

Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bor-tzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.

Nortasuna. Covid-19ak eraginez, aldaketa handia izan du bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da hilabeteotan. Horregatik, UEMAko udalek eta hainbat eragilek bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin, erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari helduta.

Lesakako alkatearen ustez, honek, “gure zonaldean ildo beretik eta elkarrekin lan egitea ahalbidetzen digu eta, horrez gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea”.

14

herri dira orain Nafarroan UEMAko kide. Atzo sartu zen Lesakarekin batera, Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun eta Leitza. Euskal Herri osoan 88 udalerri dira kideak, 250.000 biztanle baino gehiago.