Síguenos en redes sociales:

Erripan gora

Ezkabatik beha

olita izaten da beti Ezkabako aldia egitea, uda mineko eguzki-galdatan izan ezik. Orain dena lohitsu eta irristakor, baina jendea oinez, lasterka eta txirrindulaz igotzen da; batez ere, zuloz jositako errepide zartatua berdindu dutenetik. Behatoki hauta da inguru hurbileko eta urruneko bazterrak ikusteko. Hurbilenak, Txulapaingo Ergoiena eta Elbarrena nahiz Ezkabarteko Baserria eta Lañerria. Eta hortxe ere metropoli forala, gero eta hedatuagoa, ezin konta ahala eraikuntza-garabi ikusten baitira harat-honat, zut-zutak. Nekez atzematen dira hiriburuaren eta herri mugakideen arteko mugak. Itxuraz, dena da bat, baina ez da horrela, ezta hurrik emanda ere. Izan ere, udala nolako, zerbitzuak halako, eta eskubideak ere halako. Hizkuntza kontuetan, batez ere. Konparazio batera, mugakide izanik ere, denak eremu mistoan egonik ere, mundu bat dago 2019tik honat Berriobeiti eta Berriozar artean. Mundu bat, Uharte eta Eguesibar artean. Mundu bat, Atarrabia eta Burlata artean. Eskuina gobernu taldeetan sartzearekin bat hankaz goratu ziren hizkuntza-eskakizunak. Berriobeitikoa, iaz, izugarria izan zen, epaile batek berretsita, hots, azken 35 urtean euskararen aurka emaniko epai mingarrienetako bat, ia oihartzunik izan ez duena. Orain, urte hasiera honetan, Barañainen, Burlatan eta Eguesibarren, zartako latza ere etor liteke, aurtengo udal aurrekontuak sozialisten babesarekin onesten badira. Iruñeko kasua gogoan, PSNko zinegotziengandik deus onik espero ez; ez bada sos gutxiago euskararentzat. Gutxi fida. Hobe, beraz, aurrekontu luzatuak onetsiak baino. Hiriburuan, bitartean, hainbat aste joan dira aurrekontuak onetsi zirenetik, baina ez dakigu zenbat diru izanen den euskararentzat, eta ez dakigu ere oposizioko bi taldeek galdetu ote duten edo saiatu ote diren ere jakiten zenbat diru izanen den.