- Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldien saioetako bat Lesakako Harriondoa kultur etxean eginen dute azaroaren 13an. Larunbat goiz osoan hainbat kultur adierazpideren inguruan ikasteko aukera izanen da.
Antzerkiaz ariko da ADEL Artedramako Mikel Unamun; Nola sozializatzen dira gazteak dantzaren bueltan? gaiaz ariko da dantzan.eus webguneko Oier Araolaza. Gazteak eta kulturgintzaren transmisioa, belauanaldiartekotasuna mahai-inguruan ariko dira Xan Berterretche, Baigura aldeko esperientziaren berri emanez eta Kimetz Arana, Meatzaldeko esperientziaz. Ondotik, bigarren mahai-inguru bat ere izanen da, Kultugintza sozializatzeko plazak: aretoak, kaleak, internet goiburupean. Faktoria kultur plazako Gartzen Garaio, Lekuona Kultur Fabrikako Iker Tolosa eta LABAko Iñaki Sagardoi eta Amets Aranguren. Bazkariarekin bukatuko da jardunaldia.
Lesakako saiorako izena emateko Udako Euskal Unibertsitateko webgunean sartu behar da (www.ueu.eus). Matrikularen prezioa 10 eurokoa da eta azaroaren 11 baino lehen eman behar da izena.
Jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa (ezagutza eta praktika) eskolaz kanpo nola bermatu genezakeen aztertu eta proposatuko duen.
2019ko urrian ehun lagun baino gehiago bildu ziren Azpeitin Sormenean Hezi, Kulturan bizi I. jardunaldian, abiapuntua argi batekin: “euskal kulturgintzaren transmisioan etena izan da”. Ondorioz euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta familia edo etxe giroan. Azpeitiko jardunaldiak hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatzeko antolatu zituzten. Jardunaldi haietatik sortu zen gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-taldea. Abiapuntu eta helburu berberekin antolatu dituzte aurten ere.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">