Eguraldi bikaina lagun ospatu zuten larunbatean Arrano elkartearen eguna. Ohi bezala, Agiñara mendi buelta eginez ekin zioten egunari, batzuk oinez bertzeek bizikletaz. Baina eguneko berrikuntza nagusia Gazta pusken bisita gidatua karrika antzerkia izan zen. Txalaparta doinuekin abiatu eta bisita gidatu baten irudikapena eginez, Olentzero eta San Fermin, Lesakako bi izarrak izan zituzten gonbidatu bereziak herrian barna egindako txango irriemangarrian. Ekhiñe Zapiain, Josu Txoperena, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjo bertsolariek ere kantatu zuten geldialdietako batzuetan, leihoetatik zokomiran eta mingain dantzan ari ziren emakumeek eta ezpatadantzariek ere protagonismoa izan zuten kalejira jendetsuan. Ondotik, zikiro-jatea, poteo musikatua eta DJa izan zituzten.