Bortzirietako Herri Eskola Publikoen bestaren lehenengo edizio arrakastatsua ospatu zuten larunbatean Lesakan. Irain eskolako Guraso Elkarteak antolatuta, jarduera desberdinak egin zituzten arratsadean zehar, bortz herrietako eskola komunitateak elkartuz. Hala, Lesakako Irain eskolako, Berako Ricardo Barojako, Igantziko eskolako, Etxalarko Landagain ikastetxeko eta Arantzako eskolako ikasle, familia, guraso elkarte eta irakasleen elkarlanaz, haien arteko harremanak saretzeko egun bikaina ospatu zuten.

Arratsaldeko 16.00etan Harriondoa kultur etxean elkartu ziren parte hartzaile guztiak harrera ekitaldirako. Bertan, Lesaka, Bera, Etxalar eta Igantziko alkateek parte hartu zuten. Ondotik, kalejiran abiatu ziren herriko kale desberdinak gurutzatuz. Honek iraun bitartean, geldialdi desberdinak egin zituzten herriko zenbait txokotan eta eskola bakoitzak dantza emanaldi bat eskaini zuen.

Kalejira bukatzean, 17.30etatik aurrera, talde argazkia, bertsoak, jolasak eta adin desberdinetako ikasleentzako guneak izan ziren. Beranduago, 18.30etatik 20.00etara DJ Xaiborrek musika paratu zuen, giroa alaituz.Azkenik, bortz herrietako produktuekin osatutako poltsen zozketa egin zuten.

Egunaren balorazio oso positiboa egiten dute antolatzaileek. Izan ere, espero zutena baino jende gehiago animatu zen parte hartzera eta plaza betetzea lortu zuten. Tailerretan ere haur pila bat aritu ziren, eta dantzaldia oso arrakastatsua izan zen. 800 pertsona inguru animatu ziren bestara, giro ederraz gozatuz.

Hurrengo edizioa noiz izanen den erabaki ez badute ere, Bortzirietako herri eskoletako guraso elkarteetako kideak oso gogotsu gelditu ziren larunbateko esperientziaren ondotik. Bestaren lehendabiziko edizio hau bide luze baten hasierako pausua izan dadila espero dute. Ilusioz, elkarlanean eta haien arteko harremanak saretzen, aintzinera jarraitzeko borondatea dute.

Ospakizunaren helburu nagusia betetzat jo dute: bortz herrietako eskola komunitateak, eskola, guraso, haur eta familiak elkarlanean arratsalde polit bat pasatzea, herritarren arteko harremanak sendotuz.

Herri ttikiak bizirik mantentzeko eskola ttiki hauek ezinbestekoak direla defendatzen dute. Hezkuntzak herrietan duen garrantziaz eta herriek hezkuntzan duten garrantziaz jabetuta, ikastetxe bakoitzaren izaera aldarrikatuz.