elizondo- Erran daiteke 2018. urtean ere Arkupeak jubilatu eta pentsionisten elkarteak bere filosofia bete-betean jarraitu duela: formakuntza, gizarte-harremanak etab. handitzeak ez dauka adin mugarik. Bertze behin, ekitaldiz beteriko urtea borobildu dute. Ekonomikoki urte ona izan da, zuzendaritza batzordeak adierazi duenez, berek kargua hartu zutenetik urte hoberena. Gainera, urtean zehar antolatutako ikastaro, bidai, ateraldi eta hitzordu desberdinetan parte hartze handia izan da, eta horrez gain, bazkideen kopuruak ere goiti egin du 2018. urtean, gaur egun Arkupeak elkarteak 2.798 bazkide ditue larik.

Ez da dena zoriona izan bukatu berri den urtean, halere. Urtero bezala, bizitzaren legea, bazkide batzuk agur erran dute, eta horien artean, Felipe Gamboa Jorajuria aipatu behar da. Arkupeak elkartea sortu zuen Felipek, bertze hainbat lagunekin batera, eta 25 urtez elkarteko presidentea izan zen, gerora ohorezko presidentea izan zelarik. Lan eskerga, nekaezina burutu zuen urte luzeetan eta gaur egungo elkartearen osasunak aunitz zor dio bere lanari.

2018KO EKIMENAK Urtero bezala, iaz ekintza anitz burutu zituen Arkupeak elkarteak: mendi irteerak, hitzaldiak, ikastaro desberdinak, Benidorm, Frantziako Alpeak eta Kosta Urdina, San juan de la Peña eta Sos del Rey Católico, Arantzazu, Lezo, Teruel, Albarracin eta Cuenca, Kanari Handia, Lodosa eta Lizarra edota Añanako Gatzaga eta Gasteizera egindako ateraldi eta oporraldiak, batzuk aipa-tzearren. Jubiloteka zerbi-tzuak ere indartu dira aurten, Arkupeak elkarteari esker.

Gainera, urtero bezala, bazkideen egunean omenaldiak burutu ziren Gorraizen, eta 546 bazkide elkartu ziren.

Aurten ere gogotsu hasi dute urtea eta heldu den urtarrilaren 26ean Tolosara bisita antolatu dute; otsailaren 7an, berriz, Bilbora joanen dira egun pasa. Autobusez joanen dira eta Bilbon bisita panoramiko bat eginen dute, Guggenheim, San Mames eta Deustoko Zubia ikusiz. Begoñako Basilika eta Bilboko Euskal museora ere sartuko dira. La Parada jatetxean bazkaldu ondotik Bilboko alde zaharra oinez ikustera joanen dira eta 2 orduko paseotxoa eman, etxerantz abiatu aitzinetik. Gaur eta bihar eman daiteke izena, Arkupeak elkarteko Bulegora deituz (948 45 08 78 edo 618 567 837).