aniz - Aniz abizena dutenen eta aniztarren arteko 25. topaketa ospatu zen pasa den larunbatean. Benidormen, Madrilen, Logroñon, Kanpezun eta Iruñean bizi diren Aniz abizena duten hainbat lagun hogeita bosgarren urtez etorri ziren Anizera, urteroko bestarekin bat egitera. Goizean Elizondon barrena bisita gidatua izan zuten eta ondotik denek elkarrekin bazkaldu zuten Elizondoko jatetxe batean. Bazkalondoan, abizenaren jatorria den herrira, Anizera joan ziren eta herriari itzulia eman zioten. Jauregia gasnategia edota eliza bisitatu zituzten, bertzeak bertze. Bukatzeko, honen guztiaren antolatzaile eta bulka-tzaile izan zenari eta denari, Prospero Anizi, Anizko herriak esker onez euskal makila oparitu zion.

Hain zuzen ere, ospakizun hauek 1994. urtean hasi ziren, Aniz abizena zuen pertsona bat, Prospero Aniz arabarra, Anizko herritarrekin harremanetan paratu zelarik. Ordutik goiti urteroko hitzordua bihurtu da herriaren abizena dutenak eta baztango herriko bizilagunak elkartu eta egun pasa egitearena.

Lehenbiziko topaketa hura ere Anizen egin zen eta Aniz abizena zuten Arabako familiak eman zion hasmenta topaketa honi. Ondoko urtean, 1995.ean, aniztarrak eta Aniz abizena dutenak Ziraukin elkartu ziren, izan ere, han Miren de Aniz izena duen baseliza bat bada, eta garai batean Aniz izeneko herri bat ba omen zen, (nahiz eta dagoeneko ez den halakorik): hori dela eta bigarren urteko elkarketa han izan zen. Geroztik ere urtero elkartu dira, bertze herri eta lekuak bisitatuz: Aralar, Kanpezu, Gares, Uxue, Ororbia, Gasteiz... Aurten seigarren aldiz hurbildu dira Anizera. Giro ederrean joan zen eguna eta hurrengo urtean berriz elakrtzeko asmoz elkar agurtu zuten denek. - F.A.G.