elizondo - Pascale Michiels eta Kathleen Vandenhoudt belgikarrek osaturiko Billy & Bloomfish bikote musikala eta Amaiurko kantaria den Pottoka bakarlariak kontzertu bira bat eskaintzen ari dira gure eskualdean eta Euskal Herriko hainbat herritan. Tour Basque Country izenburua jarri diote belgiarrak eta amaiurtarra eskaintzen ari diren birari. Iruritan bizi den Vader Marinus herberetar irakasle erretiratuak elkartu ditu lehendik elkar ezagutzen ez zuten bikotea eta Pottoka. Beran, Erratzun eta Baionan kontzertuak eskaini ondotik, gaur Iruritan, Jauregiarte taberna kulturalean izanen da hurrengo hitzordua, 20.00etan. Gaurkoan, gainera, Petti, Morau eta Mugaldeko batto ariko dira gonbidatu gisara. Ortzegunetik igandera arte bertze lau emanaldi eginen dituzte, Bilbo, Zubieta, Elizondo eta Hoztan. Kontzertu ederrak, musika goxoarekin. - F.A.G.