Hirugarren urtez jarraian, Baztango Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak udako ikastaro bat antolatu dute Elizondon, urriaren 1erako. Landa herrien bizi-iraunkortasuna / Ondarea, etxebizitza eta komunitatea da izenburua eta helburuen artean, etorkizun iraunkor baterako landa inguruetako herrien erresilientzia gaitasuna sendotzeko bideak jorratzea; landa herrietako ondarea eraikuntzaz gain lurralde kudeaketa eredu eta komuneko giza harreman moduan aztertzea; etxebizitza kooperatiba ereduak landa ingurua biziberritzeko izan ditzaketen aukerak eta honek dakartzan erronkak aztertzea; eta etxebizitza eskubidea, lurraldearen eskubidearekin eta komunitatean bizitzeko aukerarekin lotzea daude.

Antolatzaileen erranetan, gaur egun, Euskal Herriko landa guneetako herriek dituzten erronken artean, herrietako zein landa lurretako ondarearen hustea dago. Fenomeno honek gune hauen egungo iraunkortasuna zalantzan jartzen du, ondare hau lurraldez kanpoko aisialdia eta turismoa oinarri duten interesen begiradapean baitago. Gentrifikazio prozesuak herrien eta landa gunearen nortasun eta bizi ereduaren aldaketa sakona ekar dezake. Batetik ondare eraikiaren erabilera aldaketa dakar, honi lotuta lurralde eta paisaia erabilerarena, eta, bertzetik, bertako komunitateen bizitzeko dinamika kooperatzaileen haustura.

Landa herrietako erresilientzia gaitasuna handitzeko asmoarekin, kudeaketa eredu berriak bilatu nahi dira ondare hustua biziberritzeko. Hortaz, ikastaroan, bertzeak bertze, elkarbizitzarako etxebizitza kooperatiben aukerak aztertuko dira, auzolanaren oinarriak berreskuratu asmoz, egunerokotasunean komunitatean lan egin eta elkar zaintza ohituren berreskuratzeko aukera izan daitekeen ikusi nahirik. Ondarea, eraikuntza soilaz gain, lurraldearen kudeaketa tradizioaren gaurkotzea emateko aukera dela ikusten da eta horri lotuta elkarbizitzarako dinamikak berreskura omen daitezke, landa herrien etorkizun iraunkorrago baten bidea jorratzeko asmoz.

Oinarri praktikoetatik gai teorikoak landu, praktika berriak ezagutu eta ikastaroan parte hartzen dutenen hausnarketatik ondorioak atera nahi dira, bi mahai inguru eta lantegi baten bidez: lehen mahai inguruan landa lurrerako hirigintza, ondarea etxebizitza bilakatzeko moduak eta ondarearen lurraldearen kudeaketa eredu gisara planteatu dira; bigarrenean, iparraldean ematen ari den landa inguruaren gentrifikazioa azalduko da eta etxebizitza kooperatiboen bi kasu aurkeztuko dira, bat Katalunian eta bertzea Bizkaian. Azkenik, taldeka parte hartzaileek beraien herrien errealitatea plazaratu eta etorkizunerako lan ildoak eta ondorioak aterako dituzte.

Ikastaroari buruz informazio gehiagorako eta izena emateko www.uik.eus webgunera jo daiteke. Aurrez aurre edo on line hartzen ahalko da parte, ZOOM bidez.