Nafarroako 0-3 plataformak haur eskolen duintasunaren aldeko kanpainarekin jarraitzen du eta pasatu berri den asteburuan mobilizazio ikusgarriak egin ditu. Nafarroa osoko 20 haur eskola ingurutan hetsialdiak egin dituzte, tartean, Baztan Haur Eskolan.

Ortzirale arratsaldean abiatu zituzten asteburuko mobilizazioak. Baztango herrietan barna ibili ziren haur eskolako langileak beren aldarrikapenen berri ematen, pankarta eta kartelen bidez. Gero, ilunabarrean, haur eskolan berean berendu afari bat egin zuten ikastetxeko langileek, Baztan Haur Eskolako guraso elkarteko kideekin eta Baztango Udaleko ordezkariekin, asteburu guztia iraunen zuen hetsialdia abiatu aitzinetik.

Igande eguerdian berriz, Elizondoko plazan hamarnaka lagunek parte hartu zuten elkarretaratzea egin zuten, Haur eskolen duintasunaren alde pankartaren gibelean.

Asteburuko mobilizazioak, duela aste batzuk hasitako protesta kanpaina baten baitan kokatzen dira, eta aitzinera begira ere mobilizazio gehiago aurreikusten dituzte, honela, bertze elkarretaratze bat eginen dute hilaren martxoaren 26an. Nafarroako Gobernuarengan aldaketarik izan ezean grebaren aukera ere ez dute baztertzen.

ALDARRIKAPENAK Baztango Haur Eskolan, Nafarroako bertzeetan bezala, eskolen duintasuna dute helburu, eta bi ataletan jarri dute, gehienbat, arreta: ratioak murriztea eta lan baldintzak duintzea.

Kristina Goñi, Baztan Haur Eskolako zuzendariak azaltzen duenez, “Haur Hezkuntzako lehendabiziko zikloan, hau da, 0-3 urte bitartekoan, Nafarroako ratioak Europakoen bikoitzak dira. Adibidez, Danimarkan titikoen gelan hezitzaile bakoitzarendako hiru haur diren bitartean, Nafarroan, zortzi ume ditugu. Ertainen gelan, 1-2 urte bitartekoan, Italian hezitzaile batek sei haur ditu; Nafarroan aldiz, 12. 2-3 urtekoen geletan, Frantzian zortzi ume daude bidelagun bakoitzarendako; Nafarroan, berriz, 16. Honek kalitatezko zainketa eskaintzea aunitz zailtzen omen du”.

Talde ttipiagoak eskatzen dituzte, haurrek merezi duten zaintza duina eman ahal izateko, “ez baita berdina zortzi umerekin edo lau umerekin egotea, ez helduondako, ezta haurrendako ere. Haien beharrak asetzeko, denbora eta atentzioa behar-beharrezkoak dira”. Egoera honek aldaketa sakona behar duela argi dute.

Lan baldintzei dagokienean, Nafarroako zentroetako langileok ez dugu hitzarmen probintzialik, ezta langileen antzinatasunik ere”, gainera, soldata estatuko XII. hitzarmen kolektiboan zehaztutakoaren azpitik omen dago. Goñik nabarmendu duenez, “EAEko haur eskoletan 1.772,79 euro kobratzen dituzte eta antzinatasuna kontuan hartzen dute, Nafarroan berriz, antzinatasunik gabeko 1.229,65 euroko 12 paga ditugu urtean”.

Helburuak lortu arte borrokan segitzeko asmoa agertu dute hezitzaileek, eta herritarrak ere borroka horretan parte hartzera gonbidatu dituzte.