Oinherri eta Hiritik At ekimenek elkarlanean antolatutako jardunaldia egin zen pasa den larunbatean Lekarozen, eta "herri hezitzailearen filosofian sakontzen jarraitzeko mugarria" jarri zuten bertan.

Bi erakundeak azken urtean hezkuntza eta hirigintza elkartu eta herriak antolatzeko eredu berri bat osatzeko proiektuan buru belarri aritu ondotik, Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik izeneko liburuxka osatu dute. Liburuan jasotakoaren inguruan hausnartzeko eta martxan dauden esperientziak ezagutzera emateko helburuarekin Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik jardunaldia egin zuten.

Orain arte hezkuntza eta hirigintza, lehen begiradan elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan arlo, bi egiteko modu ezberdin bezala ikusi izan badira ere, etengabeko elkarreraginean daude, eta biak elkartu eta elkarrekin herriak antolatzeko eredu berri bat osatzea izan da erronka, hau da, Oinherrik proposatzen duen herri hezitzailearen filosofia egikaritzen dituen 7 giltzarriak, Hiritik Aten herri antolamenduaren 5 dimentsioekin uztartzea.

Larunbatean, egindako ibilbide honetan ikasitakoak bertaratutakoekin elkarbanatzeko unea izan zen.

Beheitik goiti eraiki nahi duten hirigintza eredu berri bat proposatzen dute jardunaldian aurkeztutako liburuxkan. Herriak hurbiltasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak ematen dituen txikitasunaren neurri politikotik birpentsatzeko proposamena osatuz.

Begirada hori kontuan, martxan dauden esperientzia batzuk ezagutzeko aukera izan zen ere: Joseba Otondo Baztango Alkateak Baztan Hobetzen, egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituen; Amaia Gabilondo eta Miren Errasti, Garaion proiektuaren harira, eragile izatetik harago joateko beharraz aritu ziren; eta Xotil Natkek Zaldibiako Ertzetik erdigunera egitasmoa azaldu zuen.

Denise Najmanovich eta Ula Iruretagoienaren arteko elkarrizketa ere izan zen goizean, erresilientzia, zaintzatasuna, elkarbizitza edota arkitektura parte-hartzaileari buruz.

Arratsaldean, Hirigintza eraldatzailea: diskurtsotik praktikara mahai-inguruan Patxi Galarraga (Proiekta Urbes), Izaskun Soto (Hiritik At) eta Gorka Segurolak (Juntura Koop) parte hartu zuten, Ibai Esteibarlanda, dinamizatzaile lanetan arituz.

Jardunaldia borobiltzeko, Ula Iruretagoiena, Miki Lamedica eta Ane Almandozen Espazio-politiken eskuliburua irakurketa antzeztuaz gozatzeko aukera izan zuten.