Baztango Talde Ekosozialak antolatuta makroetxalde eta abeltzaintza estentsiboari buruz aritu ziren Anizko Jauregia etxalde ekologikoko Mikel Azkarate eta Lorea Flores Greenpeaceko arduraduna. Gorka Laurnagaren gidaritzapean hainbat gairen inguruan solastatu ziren, Elizondoko Ahaztuen plazan.

Laurnagak egindako sarrera hitzan, gaur egun Hego Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaien %90 kanpotik ekartzen dela erran zuen, eta oraingo elikadura-sistema gainbeheran den petrolio merkean oinarritzen dela.

Hari horretatik tiraka Floresek aipatu zuen abeltzaintza intentsiboa eta estentsiboa gradiente baten arabera harremantzen direla. Gradientearen mutur batean abeltzaintza eredurik intentsiboena egonen litzateke, industriala, azienda pila, kanpoko argirik ikusi gabe eta bizi guztia kanpora atera gabe.

Azkaratek berriz beraien proiektuari buruzkoak agertu zituen. Eredu intentsibo konbentzional batetik ekologikora egin zuten aldaketa 100 behi eta 22 hektarea izatetik, 40 behi eta 35 hektareako eredu batera pasatu ziren, eskura duten belaiekin aziendak bazkatuz eta purinak hedatuz. Aitortu zuenez, aldaketa ez zen erreza izan, belaiak hainbertze purin izanik eri zituztelako, horregatik, hasieran hilabete batez bertzerik ez zituzten behiak kanpora alhatzera ateratzen ahal; gaur egun 9 hilabete eta erdiz edukitzen dituzte kanpoan.

Gaur egun nekazaritza/abeltzaintza intentsiboak berotegi efektuko gas-isurien %20 eragiten du mundu mailan. Nafarroan ere hala dela erran zuen Floresek, azpimarratuz, %20 horretatik %14 abeltzaintza intentsiboari dagokiola. Halaber, munduko deforestazioaren %80 nekazaritza industrialarekin lotua dagoela erran zuen, izan ere, oihanak deuseztatzen dituzte abeltzaintza industrialerako pentsua egiteko. Modu horretan, Caparrosoko makroetxaldea solasbide hartuta, behitegiko gorotzak beren lurretan hedatzeko urtero 150.000 litro gasoil behar dutela erran zuen, horri, pentsua e.a. garraiatzeko behar dena gehitu behar zaiolarik.

Modu berean, Greenpeaceko arduradunak erran zuen IPCCri kasu eginez 2030erako CO2 isuriak %50era murriztu behar badira, gerora 2050ean 0 izateko, abeltzaintza eta nekazaritza intentsibo eta industrialarekin hori ezinezkoa dela, kanpoko baliabide eta lehengai pila behar dutelako.

Hari horretatik Azkaratek erran zuen beraiek egiten duten maneiu ekologikoarekin lurrak emankorragoak direla, eta maneiu horiek orain 40 urte Baztango ia baserri guztietan egiten ziren berak direla. Bertzalde, ekoizpenari dagokionean, Nafarroan behi batek konbentzionalean 36-40 esne litro ematen du banaz-bertze eta 14 kilo pentsu jaten egunero. Ekologikoan 20 litro ematen du eta pentsua abendutik martxora soilik jaten du, eguneko 3 kilo inguru. Hori dela, erran zuenez, gaur egungo krisi ekonomikoak ez omen du ia eraginik izan beraien jardueran. Izan ere, gasoila ere guttiago erabiltzen dute behi guttiago izanik purin guttiago sortzen dutelako eta gainera, kanpotik ia ez dute pentsurik ekartzen.

Ereduen bideragarritasun ekonomikoari buruz Azkaratek erran zuen eredu industrialean esne-behietan bederen, behi batek 2,15 erditze izaten dituela eta bortz urtez biziko dela, denera tarte horretan 10.000 - 12.000 esne litro emanez. Ekologikoan 6 erditzera ailegatuko da eta denera 30.000 litro emanen du.

Azkaratek erran zuen beraien esne guztia eraldatu edo zuzenean saltzen dutela eta zazpi lanpostu sortu dituztela.

Ekologikoaren alde egindako apustuarekin kontent agertu zen Azkarate, eta jendartea pausu hori ematera animatu zuen, baserriak ere aukerak eskaintzen dituela gauzak bertze modu batera egiteko eta bizimodu gozagarria izateko lanpostu duin batekin eta, egun libreekin eta oporrekin. Baina horretarako antolatzeko bertze moduak bilatu behar direla.