Udalak hamaika ekitaldi antolatu ditu Batasunaren Pribilegioaren inguruan, hiria batu zuen agiriaren 600. urtemuga handizki eta –historia kontuetan ohi denez– lerraturik ospatzeko. Hainbertze urte joan diren arren, oraindik ere irudika daiteke non zeuden hiru hirien arteko mugak. Karrika berria, konparaziora, ia bere luzera osoan lubanarroa zen. Alde batean, San Nikolasko harresia eta, bertzean, berriz, Jaundone Saturdi edo San Saturninokoa. Erdian, zuloa, zaborrez eta hondakinez bete-betea, alde bateko zein bertzeko auzokideek denetarik botatzen zutelako. Muga nabarmenetako bat, dena den, ederki ikus daiteke gaur egun Nafarroako Museoaren gibelaldetik Artxibo Nagusirantz begira gaudela. Pare-parean Nabarreriako hormak eta, erdian, egun San Domingo karrikak hartzen duen tartea, garai batean Argarantz zihoan errekasto batek gurutzatua. Sekulako muga, beti erran izan dutenez. Bi mundu arrunt ezberdin alde guztietatik begira, elkarren aurka maiz. Nabarrerian, bertako jendea. San Saturninon, berriz, errege-erreginek ekarrarazitako eta okzitanieraz mintzo ziren familiek eraikia, hiriaren hizkuntza aniztasunaren erakusgarri, kronikari ofizialek nabarmendu ohi duten bezala. Dena den, gutxiago aipatzen da hizkuntza hura edo aldaera haiek (bearnesa, gaskoia…) galdu egin zirela eta Erdi Aroa bukatu zenerako euskara naturaltasun osoz zabaldu zela hiriko karrika guztietara. Hau da, Batasunaren Pribilegioaren ondorioz hiri barneko mugak kentzearekin batera, euskara hiri guztira zabaldu zen eta, XVII. mendean, adibidez, iruindarrek “erroi adaburu zarra, zakil handi, zakil erre, ardanbote, axerikume, azkonlarru…” eta gisako irainak erabiltzen zituzten. Gero, biztanleen % 80k euskaraz egiten zuen hitz itsusi horien gaineko konfesioa hiriko elizetan. Ikuspegi hori ments da Udalak antolatutako egitarauan.