Gure garaia gaur bizi duguna da. Ados. Gaur gazte eta ez hain gazte garenona. Baina nahiz eta gaizki erabiltzen dugun adiera izan, gure garaiaz hitz egiten dugunean, gu gazte gineneko edo garai hartan lortutako zerbaitetaz hitz egiteko erabiltzen dugu. Ustez, orain galdu dugun zerbaitetaz.

Gazteei, ordea, ez zaie horretaz entzutea gustatzen (aitona/amonakeriak). Aipatzen ditugun garai haiek beraiek ez zituztelako ezagutu. Ustez, hobeak zirela esaten diegulako. Hartara, oraingoak okerragoak direla ulertarazten dugulako. Eta bat nator gazteen jarrerarekin eta asperdurarekin.

Nik ere ezagutu nituen beren garaiaz hitz egiten zidaten zaharrak. Iraganari lotzen zitzaizkion agureak, iragan harekin batera desagertzeko beldur zirelako. Eta eurenari eutsi nahia erakusten zuten, temati, besteoi aurrera egiten ez uzteraino.

Orain, nire adinekoak ikusten ditut (ni barne) “gure” garaiari lotuta. Eta transmisioa da hitza. Hitz lodia bezain pisutsua. Transmisioarekin asmatu beharra. Eta, berriro, betiko leloari lotuta: katea ez dadin eten.

Pentsatzen jarraitzen dugu, ordea, gazteak erakarri egin behar ditugula (gureragana?). Ezin dugu ulertu, gu garela gazteengana hurbildu behar garenak: berritik ikasteko. Katea etengo ez bada.

Aurrera esaten zidaten, kultur transmisioari buruzko ekitaldi batean, bigarren hizlariaren ostean, ekitaldira joan ziren gazteek ekitaldia utzi egin zutela, aretoa hustuta utziz. Arrotz sentituko ziren, edo?

Elkarrekin bat egiteko espazioak edo moduak dira, hasteko eta behin, aurkitu behar ditugunak. Zeinetan belaunaldi ezberdinetako pertsonek bat egingo duten. Bestela, ezinezkoa izango baita transmisioarekin asmatzea.

Eta asmatu behar dugu, mundua berriro deskubritu behar ez izateko trikimailuez hitz egiten. Gazteek, guretzat ezaguna den puntura heltzen, denborarik gal ez dezaten. Puntu horretaraino heltzen lagundu izanagatik (bakarrik) eskerrak eman diezazkiguten eta ondotiko bidea beraiekin egitera gonbidatu gaitzaten. Gaur eta bihar, azalpen beharrik gabeko gure garaiak izan daitezen.