Galduta ikusi ditut. Adineko bikote bat, andrea eta gizona. Aireportuko segurtasun eremua gainditu ondoren, aurrez aurre aurkitu dute Duty Free-a eta ez dakite denda hartan barneratu behar diren euren hegaldira heltzeko edo zer egin behar duten. Hara eta hona begira ari dira, norbaiten laguntzaren zain bezala. Galduta daude guztiz, ume bat basoan bezala. Haiengana hurbildu eta nirekin etortzeko esan diet, ni ere hegaldiak irteten diren lekura noala eta elkarrekin joango garela. Haien begietan esker ona, sekulakoa, tifoi batetik edo sumendi baten eztandatik salbatu izan banitu bezala.

Aireportuko langilearen rola hartuta, hegazkinera heltzeko jarraibide guztiak eman dizkiet. Euren iloba banintz bezala agurtu naute. Esker onak berriz ere. Eta nire hegaldirantz nindoala pentsatu dut askotan gure gizartean berritasunak planteatzen direnean, izan azpiegiturak, zerbitzuak, programak eta abar, pertsona zaharrak ahazten ditugula. Azken urteotan eman diren aurrerapen teknologiko eta zientifikoak mundu guztiak modu naturalean barneratuko balitu bezala. Gazteek ez dute arazorik teknologian ematen diren aldaketa bakoitzari egokitzeko, pantaila bati begira jaio dira ia-ia, baina kontuan izan behar da adin batetik aurrera pertsonek trantsizio bat behar dutela berrikuntzak barneratzen joateko eta ezin dela ezer diseinatu hau kontuan izan gabe. Adineko gizon-emakumeen ikusezintasunaren beste ondorioetako bat da. Edadismoaren emaitza. Gero esaten dute zaharrek ez dutela etxean geratu behar bakarrik, kalera atera behar direla gizartean parte hartzera. Baina nola ez da bada etxean geratuko bizitza guztian banketxera bere kartillarekin joan den emakume edo gizona, beti banketxeko langile berdinarekin hitz egin duena, ez badiote ondo azaldu bertara heltzean ze makinarekin hitz egin behar duen bere aurrezkien berri izateko? Aurrera egitea ondo dago, baina guri bizitza esplikatu zigutenei eman beharko diegu ere guk hain azkar doan bizitza honi buruzko gutxieneko esplikazio bat.