Txosnak “Euskal Herriko ondare immaterial”? Txosnazale txistosoren baten bromatzat hartu nuen hasieran. Egia izaki, ordea. Are, abiatua da izendapen horren aldeko kanpaina, sinadura bilketa eta guzti: “Txosnak. Gureak, denonak”. Harritu nau jakiteak bultzada beharrean zegoela besta eredu horrek, baina ekimenaren sustatzaileek arriskuan ikusten, nonbait. Bistan da, esku artean ez ditudan datuak dituzte haiek. Arriskua, ez dakit. Sestra bai, txosnek maiz berekin, urteak joan urteak etorri.
Bere gustukoa ez izan haien urrin politikoa, eta aginteak trabak. Iruñean, hondeamakina erabili zuen behin batean UPNk haien kontra –hemen “barraka politikoak” erraten genien orduan-, eta gaur egun zakurraren ipurdira baztertzen ditu Lizarrako alkateak, alderdi berekoa bera. EAEn ere EAJko udalekiko harremanak ere ez dira inoiz goxoak iza(te)n. Bertzerik da aginte makila ezker abertzaleak duenean. Orduan, dena ezti, dena aise. Tira, ez beti, ez denekin. Otegiren jendea Jaime eta Barcina garai batean bezain debekuzale agertu izan da txosnetan leku eske konpetentzia etorri delarik, GKSkoak eta. Bertzalde, kanpaina hasi berria ere ez da unerik hoberenean etorri. Joan den astean ikasi genuen Beasaingo txosnagunetik bestan zebiltzan udaltzain bat eta ertzain bat kanporatu dituztela. Pello Otxandianok berak, Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, gaitzetsi du gertatua.
Txosnak “gureak”, bai, beraz; haienak, alegia. “Denonak”, berriz, ez hainbertze. “Euskal Herriko ondare immaterial”? Gure ospakizunen egutegian betetzen duten zeregina eta haien gibelean dagoen ahalegina ukatu gabe, soberaxko. Bertzelako kontuak ditut nik ondaretzat, ez goizaldeko ordu ttikietan zalaparta eta burrunba alkohola tira ahala saltzen duen tokia, Herriaren banderapean egiten bada ere. Baina beharbada nirea da okerra. Aitortzen dut, ez dut hainbertzeko fantasia.