William Burroughs Beat belaunaldiko idazlerik ezagunenetako bat izan zen. Oso idazlan bikain-gordinak idatzi zituen. Haren lehenengo idazlan argitaratua Junkie izan zen. Izenburua erabat argigarria da. Legendak dio ezen William Burroughs, lagun baten deia jaso ondorik, New Yorken zelarik, Mexikoko herri galdu batera joan zela peiote izeneko droga aprobatzera, lagun hark droga hura asko abonatu zion eta. Haren bizimodua drogez inguratuta zegoen.

Bada, William Burroughsi behin, elkarrizketa batean, itaundu zioten ea zein zen drogaren ekuazioaren ezinbesteko ezezagun bakarra. Berak azaldu zuenez, ekoizten den droga, hura asko eta merkea izanagatik, alferrik da inork hura hartzen ez badu. Trafikatzaile nagusiak, haien mendekoak, ganbeluak eta enparauko tratulari guztiak alferrik daude drogazalerik ez bada. Jakina, sistema kapitalistaren ezaugarri nagusietako hau ageri da: produktu bat ekoizten da hura kontsumitzen duen bezeroa dagoelako.

Honek gakartza Euskal Herriko hainbat hormatan ez dakit zenbat lagunek egindako Espainiaren eta Israelen arteko arma-hitzarmenak salatzen dituzten idazkunetara. Bilbon berton, armagintza desegiteko aldarriak ageri dira paretetan. Horiek idatzi dituztenek badakite zenbat lagun geldituko litzatekeen behar barik eskakizun hori betez gero? Horiek idatzi dituztenek badakite Espainiako Erresuman arma horiek egin ezik beste edozein estatutan egingo direla? Gerra egiten dutenak ezinbestekoak direlako egiten dira armak. Era berean, drogazalea ezinbesteko bakarra dela baieztatzeko, ingurumena da beste arlo nabarmen bat. Ingurumenaren aldeko omen diren ekologistek hegazkina erabiltzen dute?, edo autoz ibiltzen dira? Hori hala bada, hipokrita hutsak dira. Izan ere, hegazkina erabiltzen dute arinagoa delako beste edozein garraiobide baino; autoa erabiltzen dute eguneroko eginkizunak errazago egiteko. Eta ekologista horiek drogazaleak bezalakoak dira, eurak baitira ezinbestekoak ludia kutsatzeko.