Mendi altuetan ematen diren parametroak arraroak eta ulertezinak dira batzuetan. Gure gorputza muturreko egoera batean jartzen dugu, eta askotan, ez du gehiagorako ematen, eta akats bat egin eta gero trajedia sortzen da. Zortzimilako mendietan maiz ikusten dira halakoak. Joan den astean RTVE katean dokumental bat pantailaratu zen, Juanjo Garra alpinistak altuera handian izandako istripu baten ostean erreskatatzeko lanak bildu zituena. 7400 metroan, Dhaulagiri mendiko malda pikoan jausi egin zen eta gelditzea lortu zuenean hankan hezur-apurketa zuela ohartu zen.
Horrek erabat inmobilizatu zuen. Bere ondoan Khesab Gurung xerparen laguntza leiala izan zuen. Dokumentalean erreskate “zoriontsua” lortzeko bitartekariak, helburuak, okerrak, frustrazioak eta ahaleginak islaturik agertu ziren, dena tristeziaz bernizaturik. Juanjo aspaldiko laguna nuen, eta irudi horiek ikusteak larritasuna eta tristura ekarri ditu berriz nire egun hauetara. Hura bizi izan genuen bertatik bertara, geu Everesteko kanpamentu nagusian geundelako, bera zegoen 300 kilometrora.
Zoritxarrez, espedizioaren ostean gorputz flakaturik eta gaixotirik nuenez ezin izan nuen nahi nuen bezala lagundu. Lagunak bera zegoen lekuraino ailegatzen saiatu ziren arren -patuak ezarritako egoera aldrebesko batzuk tarteko- Juanjok egun batzuen buruan azken hatsa bota zuen. Nik imajinatu egiten nuen han, malda izoztuaren erdian, hein batean, etor zitekeenaren beldur.
Hil edo biziko egoeretan, eta altura handiko eskalada ezinezkoetan, garunaren barruan oxigeno hornikuntza eteten bada, gure kokapena adierazten digun mekanismo konplexua desorekatu egin daiteke. Inguruko espazioarekiko pertzepzioa trakestu egiten da, eta erasotzen gaituen giroaren kontrako tolerantzia fisiko eta psikikoa moteltzen da. Hor, gure adimenak bakarrik ez sentitzeko estrategia bilatzen du. Agian, Juanjok horixe sentituko zuen. Nik sentitzen dudan pena horixe da, une larri hartan bere ondoan egon ezin izana.