Asteburu honetan dejavu bat izan dut, edo bi. Lehenbizikoa, Ondarroako frontoian maiatzean eskainiko den emanaldi baten berri izan dudanean. Sekulakoa izango da baina euria egiten badu… aipatzen zidan albistea zekarkidanak. Ez dok hamahiru frontoi hartan deskubritu izana gogoratu dut. Garai hartan, frontoia itxia ez izateak ez zidala axola. Baina bai amesten genuela, frontisaren kontra jaulkitzen ziren irudi-mezuak bestelako oihartzun bat izango zuketela, adibidez, Victoria Eugenia antzokian.

Bigarrena, bada, Victoria Eugenia Antzokian izan da, asteburu honetan, birritan izan bainaiz bertan: Dejabu-ren “Itzulera” lana ikusten eta Antton Telleriaren “Ninini” bakarrizketa entzuten. Biek ala biek aipatu dute Victoria Eugeniako eskenatokian aritzea gauza handia dela artista batentzako.

Hala izango da, bai, zeren eta ikus-entzulearentzako ere halaxe baita. Aipatu bi kasuotan, antzokia goraino bete da. Guztiak ginen euskaradunak bertan. Hizkuntza estresik gabeko behin behineko gunean.

Ondarroako frontoira joan zait, berriz ere, burua. Hotz, bero, haizete edo euripean joaten ginela frontoira, euskaraz sortutako kulturak zekarkiguna jasotzera. Eta, etxera, berrituta bueltatzen ginela, antzoki handietan euskaraz aritzera heltzea amets.

Bai Dejabu eta bai Telleriaren kasuan, ekitaldiak ez dira burutsuak izan. Publikoa gozatzera joan da. Euskaraz barre egitera, besterik gabe. Gure konplexuez hitz egin dute, gure ahaleginez, gure gabeziez, gure egoez, herri egiten gaituzten ezaugarriez, euskal sortzaileez… Eta guztiok bat egin dugu aktoreak edo bakarrizketalariak hautatu duen blaga, ideia edo terminoarekin, esateko moduarekin berarekin.

Ederrena, guztiona den hizkuntzan aritu diren artistekin barre egin ahal izatea izan da. Beste hizkuntza batean uler ezin litezkeen esamoldeekin jolasten jakitea. Barre eragiteko hautatu dituzten arrazoiak, galdetu beharrik gabe, onartu eta barre egiteko bat egin izana.

Victoria Eugenia osoa barrez, Victoria Eugenia osoa zutik, txaloka, euskaraz eskainitako emankizun zoragarrien aurrean.

Argi dago zer garen.