Pedro Otaduy
Pedro Otaduyren familia agurgarri horri:
Iturrama institutuko lankide garenok agur maitekor bat eta aurrera jotzeko animoa eta laguntza helarazi nahi dizuegu une zail hauetan. Seguruenik, Pedrok hala nahi izango zuen.
Pedrok gaixotasuna gainditzeko ahalegin guztiak egin arren, zendu zenetik egun gutxi igaro dira. Oraindik gogoratzen dugu 2011ko maiatzean institutuko 25. urteurrenaren ekintzetan gure artean izan genuela. Bere egoeraren larritasunaren jabe zen eta, hala ere, egun hartan guztiokin batera alaitasunez Nafarroan aitzindaria den ikastetxe baten ospakizuna ez zuen galdu nahi izan, euskaraz irakasten duen ikastetxe sendo bateko partaide sentituz.
Orduz geroztik bere garapena kezkaz jarraitu dugu, azken mementora arte. Egun, lankide guztiok zinez eskertzen dugu datozen belaunaldien formaziorako Pedrok eman duen guztia.
Institutura hurbiltzen diren ikasleen formazioa hobetzeko eguneroko kezkak guztiok berarekin partekatu ditugu. Izan ere, etorkizunean pertsonak garatzeko giza formazioa eta prestakuntza zientifikoa behar duten ikasleak dira gu guztion kezka.
Pedrok merezi duen esker on horretarako arrazoi-zerrenda luze batean sartu gabe, profesional bikaina izan zela esango dugu soilik, bai irakasle-jardueretan baita zuzendaritzakoetan ere, bere helburu nagusia institutu hobe baten alde borrokatzea baitzen.
Animoak bidaliz bukatu nahi dugu idazki labur hau. Marisol, Gorka eta Iñaki, jakin ezazue Pedro ez dagoela gure artean, baina berak egindakoak ikastetxean dirauela eta Pedrok zuen ilusio berarekin lanean jarraituko dugula.