deiturak Cintruenigon ditu erroak, Alhama errekaren ertzetan, Nafarroa Errioxara eta Aragoira husten den muga-herrian. Foru Komunitateko ardogile ospetsuenek eta zenbait politikari sozialistak zabaldu dute izenaren hotsa. Kasta horretakoa da Fernando Luis Chivite, baina haren ofizioak eta afizioak ez dute ez politikarekin ez ardogintzarekin ikustekorik. Fernando izan da neure bizian ezagutu dudan lehen idazlea. Hori errateko eskubidea dut, bere gela niretik metro guti batzuk haratago zegoelakoz Batxilergoan. Harena izan zen inoiz irakurri dudan lehen poema erotikoa. 16 urte nituen; hark 17. COU eta gero begitik galdu nuen, baina ez nintzen harritu bere lehen liburua argitaratua zuela jakin nuelarik. 25 urte zituen orduan. Haren ondotik poesia eta nobela tartekatu ditu ikaragarri oparo izan gabe ere emari etengabeko literatur ibilbidean. Gaur egun, haren itzala handienetariko bat da erdal idazle nafarren artean. Hilabete hasieran, egunkari honek jakinarazi zigun Chivitek bere azken nobela -El invernadero- aurkeztu zuela Iruñean. Doi-doi bi aste geroago, hara non irakurri dugun, egunkariko sekzio berean, Beatriz Chivite delako batek Blas de Otero poesia saria irabazi duela Bilbon. Lan saridunak Biennale du izenburua; italierazko azala euskarazko mamiaren bilgarri. Beatrizek 25 urte ditu eta Iruñekoa da. Ez da arras ezaguna gure letren munduan. Beharbada, hasi beharko luke zer esana ematen. Liburu bat argitaratua du -Metro (2015)-, Gasteizen poltsikoratutako bertze sari baten opari. Ingurukoak lotsa-gorritzeko curriculum baten jabea da; aurten Nafarroako Gazte Saria jaso du bere ikasketa ugariei eta nazioarteko lankidetzan egindako lan eskergari esker. Beatriz, bistan dena, Fernandoren alaba da. Zur erdaldun bikainetik ezpal euskaldun primerakoa. Ez da egia gaizki goazelako hori.