Aise etortzen zait gogora Joxemiel Etxeberriaren irudia. Unibertsitate aurreko mailan dago; entzule gazteagook, berriz, Batxilergoko azken urtean. Erdaraz ari da, euskal doinu trinkoan. Ezpain gaineko bibote hasi berria dantzan darabil hitz bakoitzarekin batera. Lezkairuko soro batean gaude, orain etxetzarren bat izanen den tokian. Gure begi urduriek sozial bat edo salatari bat ikusi uste dute oinezko nahiz auto-gidari bakoitzean. Joxemieli erantzuna eman dio betaurrekodun batek. Harekin egon gara hona baino lehen. Jarraibideak eman dizkigu. Bozketa etorrita, Joxemielen proposamenaren alde berak eta bertze batek jaso dute eskua. Gainerako guztiok betaurrekodunaren aldera lerratu gara, adostu bezala. “Burokratak, burges ttipiak, tontolabak?” jaulki digu Joxemielek leku-tzean. Biharamunean, gurekin dugu berriz, irri zabal, troskismoaren berri onak predikatzen. Ikastetxea utzita bakantzen hasi zi-tzaigun. Norbaitek aipatu zidan noizbait “kontu potoloetan” zebilela. 1980an, egunkarietan agertu baino lehenago jakin nuen haren desagerpenaren berri, bion lagun batek berria emanda. Komando Autonomoetakoa zela jakitea ez zen ustekabea izan. Nik ere, gehienek bezala -baita ezker aber-tzalean ere- sineste osoa nuen “bertze Pertur bat” izana zela, ETAk akabatua. Aienatu ondoan ere gutxiengoan; urte hauetan guztietan, familiak bakartasunean eraman du haren hutsaren mina. Horrez gain, adiskide fidel batzuk Lizartzan bildu izan dira haren omenez, urtero, ekain guztietan. Urteen joanak argitu du desagerpenaren egiletza: ETA gabe, parapolizial espainolak, itxuraz. Mont-de-Marsanen agertutako hilotz bat harena izan litekeela zabaldu zen iaz. Sarri hasiko dira hori egiaztatzeko lanak. Jon Alonso idazle iruinsemeak liburu bat agindu du Joxemielez. Ehorzketa duin bat izan liteke gure historia tristearen pasarte tristeenetariko batentzat.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
