Liberté, egalité, fraternité aldarrikatzea gogoko duen aldameneko Estatuaren bide beretik doa Nafarroa euskaldunen eskubideak bermatzeari dagokionez. Edo okerrago agian, konkistatutako esparruak galtzen ari baita. Aste honetan jakitera eman denez, Nafarroako Auzitegiak ebatzi du lanpostu publikoetarako ez dela nahitaezkoa izango euskara meritu gisa aintzat hartzea eremu mistoan eta ez-euskaldunean. Epaileek derrigortasuna “baztertzailea” dela adostu dute, Euskararen Dekretuak bere abala ematen zuen arren. Azken urteotako garaipenen artean, zonifikazioak -euskarari, edo lengua navarrorumari, merezi duen ofizialtasuna ukatzeko tresna- dekretatzen duen eremu mistoan 44 udalerri gehitu ziren 2017. Horren aldean, justiziaren aliantzarekin atzera emandako pausoa erraldoia izateaz gain, epaiak euskararen presentzia handitzeko oztopo izugarria suposatzen du. María Chivite sozialistaren gobernuak ez du argitu oraindik Navarra Suma alderdian poztasunez hartu den erabakiaren kontrako kasazio-helegitea aurkeztuko duen. Baina eszeptikoak izateko arrazoiak eta dagoeneko gertatu diren urraketen adibideak ditugu. Iaz Erriberako buru den Tuterako Udalean Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lehiaketa-oposaketa bat deitu zuten non ingelesa, alemana eta frantsesa bost punturekin balora-tzen zen bakoitza. Ezetz asmatu ikastetxe alemanik ez baina ikastola duen herriko lan-deialdian euskarak zenbat puntu balio zituen? Deus ere ez.

aaraluzea@deia.eus