Neoaktibista sozial bilakatu diren atso ba-tzuen aldarrikapen kantua”. Hitz horiekin defini-tzen dute Hortzmuga taldeko kideek Femmes beraien azken sorkuntza. Izan ere, lau atso sumindu dira kale antzerki honen protagonistak. Zaharrak, momiak, sorginak... Denetarik entzun dute parkean, kalean, merkatuan, biloben haurtzaindegiaren atean edo medikuaren itxaron gelan. Ezin dute inguruan ikusten dutena eta bizitzaren zama gehiago jasan; hala, nazkatuta, justizia beraien esku hartzea erabakiko dute. Beraien desilusio, atsekabe eta nahigabeei erantzun bat emateko, iraultza egingo dute lau amona aldarrikatzaile hauek. Beste inork baino hobeto maneiatzen duten puntuarekin aurpegiak estaltzeko kaputxak egin eta kaleak hartuko dituzte.
Hortzmuga Teatroak modu kolektiboan sortu du Femmes ikuskizuna, baina eszena zuzendaritzan Gorka Ganso aritu da. Hainbat urtez talde honetan ibilitakoa, ikuskizun honi forma emateko kide ohiez inguratu da oraingoan Ganso. “Probokazio bat” da Femmes, bere esanetan. “Inguratzen gaituen munduarekiko kexa edo egonezin bat agertzen du, oso modu dibertigarri eta freskoan. Azken batean, gauzak beste era batera trasmititzeko beharra aldarrikatzen du”, gaineratu du. Baina, horrez gain, hirugarren adineko emakumeak lehen planora ekarri nahi izan dituzte obra honekin, eta, horretarako, gogaituta dauden lau atso aktibisten paperean jarri dituzte. “Ez da batere ohikoa halako pertsonaiak ikustea -onartu du zuzendariak-. Pertsonaia baztertuak nahi genituen, eta horregatik aukeratu genituen adin jakin bateko emakumeak. Izan ere, badirudi hirugarren adineko jendeak ez duela iritzirik, ez dela ezertaz ohar-tzen. Gainera, sarritan arazo fisiko edo mentalak pairatzen dituzte, bestelako arazoez gain. Horregatik hautatu genuen perfil hau, beraien presentzia bistara-tzeko, atentzioa deitzeko, eta normalean beraiengandik espero ez den jarrera lotsagabea erakusteko”, azaldu du Gansok.
Lau emakume sumindu horien azalean sartuko diren aktoreak Izpiñe Soto, Arantza Goikoetxea, Begoña Krego eta Alex Antunez dira. Azken honen ustez, “norabide askotakoak” dira lau atsoek dakartzaten aldarrikapenak. “Obraren hasieran, emakume bakoitzak bere uko propioa egingo du: pertsonai batek eliza alde batera utziko du, beste batek familia, kuleroak erantziko ditu beste batek (hirugarren adinekoen sexualitatea aldarrikatuz), eta medikamentu gehiago ez hartzea erabakiko du laugarrenak. Guzti hori alboratuta, une horretatik aurrera nahi duten bezala bizitzea erabakiko dute”, jakinarazi du Antunezek.
HITZIK EZ, MEZU ASKO
Femmes kale ikuskizun ibiltaria da, testurik gabea, baina inguratzen dituen elementuak bere egiten dituena. “Kaleko antzezlan bat denez, bestelako elementuak baliatzen ditugu; adibidez, kutxazain baten aurrean jartzen gara, eta hor hainbat ideia iradoki-tzen ditugu, ironia eta umorea erabiliz. Momentu jakin batean pintada bat ere egiten dugu? Gainera, inprobisazioak ere leku handia har-tzen du, unearen eta egoeraren arabera”, kontatu du Gansok. Kalean antzezteak kontuan hartzeko beste faktore bat ere badauka, eta hori publikoa da. Femmes kalean zein espazio publikoetan egiteko pentsatua dago, publikoaren parte-hartze aktiboa bilatuz etengabe. Hala, ikuslea pertsonaia nagusi, bigarren mailako edo figurante izatera pasatzen da obraren edozein unetan. “Lau aktorek gidatzen duten manifestazio bat da obra, protesta kolektibo bat, eta jendearen parte-hartzerik gabe ez dauka inolako zentzurik. Ikuskizunak publikoarekin harreman zuzena eskatzen du, eta horrek, era berean, jendea harritu egiten du hasieran, baina engantxatu egiten du azkenerako”, agertu du Gansok.
BI GENEROEN ARTEAN
Clown-aren eta bufoiaren artean kokatzen du Femmes bere zuzendari Gorka Gansok. “Bufoiak kritika sozialerako intentzio bat dauka, malaletxe bat, agian clown-ak ez daukana; clown-a beti izan da inozoagoa, xaloagoa. Bada, bi genero horien artean kokatzen da ikuskizuna”, zehaztu du. Hain justu, Ganso bera clown-aren eszenan egin da ezagun azken urteotan. Beste diziplina ba-tzuk probatu dituen arren, hortxe sentitzen baita erosoen. “Artistok badugu bokazio bat mundua alda-tzekoa, baina norbaiti arratsalde bat aldatzen badiogu ere ari gara helburu hori lortzen. Eta bide horretan clown-a sekulako herraminta dela iruditzen zait, publikoarekin berehala konektatzen duelako”, azpimarratu du.
Dena den, “betidanik, sudur gorriaren kondenapean” bizi dela dio Gansok. “Guk ez dugu inoiz sudur gorririk erabiltzen, baina umeekin lo-tzen gaituzte beti, eta are gehiago kalean antzezten dugunean. Zirkoarekin ere berdina gertatzen da: umeentzako zerbait dela pentsatu izan da beti, nahiz eta gero denok gozatzen dugun, ume, gazte zein heldu. Guk ume zein helduentzako emanaldiak egiten ditugu, eta Femmes horren beste adibide bat da”.