Bideo-jokoen esparruan urtero egiten den ekimen garrantzitsuena da E3. Zita honek izaten duen oihartzuna baliatuta, sektore honetako enpresa nagusiek etorkizun hurbilera begira dituzten nobedadeak aurkezten dituzte. Urtero, bertan biltzen dira Sony, Microsoft edota Nintendo bezalako enpresa ezagunak, baina baita beren lehen proiektua aurkeztera datozen sortzaile independienteak ere. Aurtengo edizioa ere joan da, etorri bezala. Zarata egin duela ezin ukatu, errealitate birtualeko betaurreko eta makina sofistikatu horiekin. Hala ere, konpainia nagusiek eskaintza mamitsua eskaini ote duten ala ez, ez dago batere argi.

Alde batetik, hardware berria dugu: Xbox One-ren beste modelo bat, Xbox One S (abuzturako merkaturatuko dena, egungoak duen prezio berean, baina txikiagoa eta 4k bideoa erreproduzitzeko gaitasunarekin); Microsoft konpainiaren makina berria, Project Scorpio (2017rako, One baino potenteagoa eta VRrako prestatua) eta, azkenik, koroaren harribitxia, PlayStation VR betaurrekoak (2017rako, 400 eurotan eta PlayStation 4 eta Neo bertsio berrian funtzionatuko dutenak). Oso tresna politak dira, High Tech ukitu nabariarekin. Probatu dituztenek ikaragarriak direla diote.

Alabaina, beren egonkortasuna zalantzan jar-tzen dute askok. Zalantzak bi faktoretan oinarritzen dira: prezioan, batetik, gehigarri baterako garestiegiak direlako; eta, bestetik, gara-tzaileek aprobetxatzen ez jakitearen balizko arriskuan. Mugimendu bidez kontrolatutako jokoen eta 3D irudiekin gertatu zen moduan, kasko hauek ere moda iragankor bihur daitezke. Gainera, asko hitz egin da egungo generoak VRra egokitzearen inguruan, eta agian gutxiegi jostagarritasun formula berriei buruz. Baina, VRa arrakastatsua izango bada, joka-tzeko modu berriak eta epe luzerako interesgarriak ekarriko dituelako izango da.

Halaber, aditu gehienek diote aurtengo E3an espero zena baina gutxiago erakutsi dela. Hau da, CGI (bideo) asko eta in-game (jokoa mugimenduan) gutxi. Zaleek benetan azken hauek ikusi nahi dituzte; hots, jokoa nola izango den erakusten dutenak, eta ez demo teknikoak. Mundu guztiak daki Kojima Death Stranding izeneko proiektu batean lanean ari dela, eta beste God of War bat aurkeztu dutela; baina jokoak noizko? Datu bat: The Last Guardian jokoaren berri 2009ko E3an izan genuen, eta oraindik ez dute argitaratu. Ezin esan, beraz, ekimenak mami asko eskaintzen duenik.

Eskerrak, titularrak bereganatuko dituzten produktuetatik at, joko errealak ere badirela. Hor dago, esaterako, PS4, XONE eta PCrako joko andana: Battlefield 1, Lehen Mundu Gerrako tiro jokoa; Dishonored 2, Corvoren abenturen jarraipena; eta Watch_Dogs eta South Park sagen atal berriak. PS4ak esklusiba batzuk aurkeztu ditu (Days Gone); eta XONEk bere kartak jarri ditu mahai gainean (Sea of Thieves, Gears of War 4 eta We Happy Few). Final Fantasy XV irailean argitaratuko dute Sony eta Microsoft-en makinetan; eta Nintendo, beti bezala, bere liga propioa jokatzen, eroso (Pokemon Sun / Moon 3 DSrako eta, batez ere, Wii U eta NX proiekturako The Legend of Zelda - Breath of the Wild). Azken hau aurtengo E3ko jokorik baloratuena izan da, bide batez esateko. Orainaldi zeharo interesgarria, beti etorkizunera begira nahi gaituen industria honena.