Prozesu luze baten emaitza da Amaiur Epherren (Garazi, Nafarroa Beherea, 1994) Haize Beltza (Txalaparta, 2025). Garaztarrak adierazi du gozatua hartu duela liburua idaztearekin, eleberriko protagonistak ez bezala. Izan ere, idazketaren prozesuan bete-betean murgilduta dagoen pertsonaia planteatu digu: Tomas. Baina, ez da asmatzen ari egin nahi duen horrekin. Frustrazio eta zalantzen artean, ironiari leku egin dio Epherrek.
Tomas da eleberriko protagonista. Eleberria idazten ari den idazlea. Ez dabil, ordea, espero bezala. Zer kezka dauka buruan?
Tomasek idatzitako lagin bat beka baten garaile suertatu zen eta horren segida ezin idatziz dabil. Editoreak ez dio presiorik ematen, baina ematen du berak ez dakiela sobera nola kokatzen duen: benetako gogoa duen proiektuarekin edo halabeharrak bultzatzen duen. Beraz, tarteka ikusten ditugu bere proiektu hori aintzinatzeko ahaleginak eta bere kezkak. Hain justu, idazten ari den eleberri beltz horrekiko digresiorako edo galtzeko joera du. Pentsatzen dut idazle ainitzek hori dutela proiektu batean sartzen direlarik: kezka idazten ari diren hori interesgarria ote den beste norbaitentzat, ea balio duen, norentzat egiten den… Galdera horiek ez dira zuzenean tratatzen, baina pentsatzen ahal dugu Tomasen arazoaren parte direla. Momentu batean aipatzen du Manchette idazle frantziarra, izan ere hark kezka izan zuen eleberri beltza Europara nola ekarri. Tomasek Euskal Herrira nola ekarri pentsatzen du, eta adierazten du ez duela gogorik jendarmerik edo ertzaintzarik edo dena delakorik sartzeko. Ikusten du badirela euskal literaturan idazle batzuek atzeman dutela formula hori polizia ofizialetatik pasa gabe. Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu (Txalaparta, 2023) kasuan, adibidez, aseguruetako aditu bat da ikerlaria.
Zuk ordea, nola ekin diozu lan honen idazketari?
Haize beltza justuki ariketa batzuekin hasi nuen, Paul Austerren Orakuluaren gaua laneko pertsonaia baten sistematik abiatuta. Liburuan aipatzen dut behin baino gehiagotan, eta azkenengo partean begi kliska egiten diot. Nirea ariketa sinplea zen eta esaten nuen: “Nola ostia egiten du Austerrek istorio hain sinplearekin irakurlea lotzeko?”. Hori izan dut nik orduan: nola ekarri New Yorkeko istorio hori Baionarat. Paralelo hori izan dut buruan. Erran nahi baita, Tomasek nola ekarri beltza gurera, eta nola kontatu istorio bat gurean.
Tomasen zalantzak aipatzen zenituen lehen. Zuk zalantza horiek izan dituzu idazterako orduan?
Egia erran, lan aski luzea izan da. Aurretik beste liburu bat idatzi nuen, eta fite idatzi ere: sei hilabetean egin nuen. Orain epea luzeagoa izan denez, denbora luzeagoa izan da duda-tzeko. Idazketa prozesu osoan zehar plazer hartu dut, eta bereziki Garazi [Arrula] editorearekin izan dudan elkarlana biziki preziatu dut. Bistan da hainbat kezka agertzen dira ere bai, editorearen edo inguruko irakurleen oharrak jasotzerakoan. Egituraren aldetik, hizkuntzaren aldetik ulertuko ote zen… Kezkak, beraz, bai, baina onerako izan dira. Uste dut beharrezkoa dela prozesu guztian zehar galdera horiek gure buruari galdeka-tzea, betiere liburuaren mesedetan.
Forma aldetik, hain zuzen, txatalka osatu duzu.
Ikusten dugu idazle bat idazten eta idazleak berak idazten dituen zatiak ere bai: ipuin batzuk, ametsen kontakizunak, pasticheak, aipuak… Kezka nuen ea ongi urtzen ziren, ea ez duten hausten haria eta irakurleak desbideratzen.
Idatzi zenuen aurreko liburuan [Profeten iruzurra, Maiatz, 2021] ere protagonista idazlea zen. Idazleen prozesuekin tematuta zaude?
Egia da Tomas liburu honetan bere hirugarren lana idazten ari dela eta berak errepikatzen du, Modianoren gisan, ez duela etengabe liburu bera idatzi nahi. Bi liburuetan protagonistak idazleak diren arren abiapuntua ezberdina da. Hala ere, ikusi dut gauza askotan elkartzen zirela, oso ezberdinak izanagatik ere. Lehenengoan forma aldetik zapartatuagoa zen, narratzailearen ahotsa aldatzen zen… uste dut lan hau borobilagoa dela forma eta edukiaren aldetik. Bigarren honetan literatura beltzaren aitzakian literaturaren gogoeta bat nagusitzen da, eta lehenengoan abiapuntua ingeleseko “what if” horretatik abiatzen zen. Hau da, gehiago abiatzen zen ene ibilbide pertsonaletik, edo, beste ibilbide pertsonal batetik egin izan banu zer gertatuko zatekeen. Zuzenkiago jo nuen autofikziorat, beste liburu bateko pertsonaiaren sisteman oinarrituta. Beraz, batean idazle izateko nahia da nagusi, eta, bestean, esperientzia hartzen ari den idazlea da.
"Nik euskara batuan idatzi dut; baina egia da lexiko aldetik, eta, oraingoak sintaxi aldetik, baduela ekialdeko kutsu nabarmen bat."
Eleberri beltza gora eta behera. Tomasek honela dio: “Literatura beltza irakurri nahi duenak prentsa irakur dezala […] Morbo gosez denak badu nola ase”. Zu, berriz, euskaraz idatzitako literaturara genero horrekin gerturatu zinela adierazi izan duzu.
Tomasek hori idazten duelarik, desesperazio puntuan dago eta nahiko luke dena sutara igorri. Uste dut oihu bat dela. Gainera, aktualitateari erreparatuta, maleruski, hori konfirmatuz doa: aktualitatea liburuetakoa baino beltzagoa da. Proiektua abandonatzeko aitzakia moduan irakurtzen ahal da. Nik banuen gogoa literatura beltzaren inguruan aritzeko. Lagun batek irakurri zuen nik igorritakoa eta bera izan zen gogoeta horien bultzatzaile. Liburuak eta klasikoak berrirakurtzeko gomendatu zidan. Hiru urte pasa dira prozesu honetan, eta berriz irakurri duenean David Lynchen begiradarekin konparatu du: ez dugu film beltz batean esperotakoa jasotzen. Egia da liburuak hori ere baduela. Kasik metaliteratura beltza dela esan daiteke. Interesatuko ninduke era berean, Tomas bezala, nobela beltz bat idaztea. Oraingo hau izan daiteke nolabait generoari omenaldi moduko bat.
"Kasik metaliteratura beltza dela esan daiteke. Interesatuko ninduke era berean, Tomas bezala, nobela beltz bat idaztea."
Eleberri beltza eta ‘Haize beltza’, baina oso urdina da liburua: azala, kapituluen izenak, elementu batzuen erreferentziak…
Koloreek sinbologia handia gordetzen dute. Hasieran, urdinari buruz irakurri nuen. [Pa-tziku] Perurenak badu Koloreak euskal usarioan izeneko liburua. Bertan aztertzen ditu testuetan idazleek eta poetek koloreak nola erabili izan dituzten. Maleruski, agortua dago liburua eta horri ere heltzen diot eleberrian: nola ez dugun lortzen gure kultura kapitalizatzea. Baditugu oso liburu onak eta ez dira berriz editatzen. Pena bat da. Bada, Austerren liburuan urdina ere dezente agertzen zen. Nik beste zentzu bat eman diot, alde sinbolikoa abandonatuta, edo beste bide bat hartuta: fetitxismotik badu urdinaren presentziak. Musikan ere banabil, eta Diabolo Kiwi taldearen bigarren diskorako morea aukeratu genuen ideia gisa. Asko gozatu nuen ideia horrekin. Gainera, urdina ez da hain kolore definitua euskaraz. Beltzaren edo zuriaren alterazio bat da. Ile urdinak dituela esaten diogu ile grisak dituenari. Beraz, urdina ez da beste kulturetan blue edo azul den hori. Eta idatzitakoa ez zenez nobela beltza, jolas bat bezala proposatzen dut.
Eleberrian ageri dira elementu batzuk (argitaletxea, lehiaketa, editorea…) asko gerturatzen direnak errealitateko elementuetara. Baina, izenak eta erreferentziak aldatu dituzu. Zer dela eta?
Batzuetan pertsonaia publikoetan oinarritu direla eman dezake, eta hala izan denean, izena aldaturik agertzen dira. Beste batzuetan izena aldatu gabe agertzen dira. Egia da, adibidez, Helenaren pertsonaia existitzen zela nik editorea ezagutu aurretik. Jendeak fite xerkatzen ditu loturak, autofikzioaren ideian oinarrituta. Batzuek pertsona bat ikusiko dute, eta beste batzuek beste bat. Hilbeltza lehiaketaren kasuan berriz, nahita egindako aldaketa da. Tomas ez da biziki sinpantikoa egiten duten lanarekiko. Larru beltzak izena jarri nion justuki nik estima-tzen baitut egiten dutena. Gainera, Hertzainak taldearen Larru beltzak kantuaren hi-tzak Itxaro Bordarenak dira eta beste begi kliska bat egin nahi nion.
Zuk diozun moduan, beste izen eta erreferentzia asko mantendu egin dituzu: literaturatik, kulturatik…
Bistan da distantzian agertzen diren erreferentziak zuzenagoak direla: Tomasek kantu bati buruz, idazle bati buruz edo bestelakoei buruz esaten duenean, aipatu egiten ditu egileak eta kultur erreferentziak. Estaltzen ahal nituen beste gisa batean, baina ez nuen gogorik horretarako, liburua genealogia baten bilaketan abiatzen baita, bai hizkeraren aldetik, baina baita erreferentzien aldetik ere.
Aurkezpenean iradokitzen duzu hizkuntzak muga bat ezarriko duela askorengan ekialdeko euskalkietara gerturatzeagatik.
Nik euskara batuan idatzi dut; baina egia da lexiko aldetik, eta, oraingoak sintaxi aldetik, baduela ekialdeko kutsu nabarmen bat. Horrela idazten dut eta naturalki ateratzen zait. Hizkera hori defendatu nahi dudalako, era berean. Editorearekin izan dugun elkarlana oso interesgarria izan da zentzu horretan, ikusi baitugu non egiten zuen traba eta noraino heltzen zen hegoaldeko irakurlea. Ez da hizkuntzaren kontu bat bakarrik izan, eguneroko praktiken ezezagutza bat baizik. Erran nahi baita, liburuan aipatzen dira zenbait kontzeptu agian hegoaldean ulertuko ez direnak. Eguneroko errealitateak nahiko ezberdinak dira, eta horiek izendatzeko hizkuntza erabiltzen dugu. Horrek ere urruntzen gaituela iruditzen zait. Beste muga bat da. Espero dut ez dela trabarik izanen.