Yeonghye emazte zintzo eta apalaren istorioa biltzen du ‘Barazkijalea’ liburuak. Amesgaizto baten ostean haragia jateari utzi eta bere ingurune osoan izugarrizko krisia pizten da. Lanak gorputzaren, indarkeriaren, askatasun pertsonalaren eta gizarte-presioen arteko gatazka aztertzen du hiru pertsonaiaren ikuspegitik.
‘Barazkijalea’ argitaratu zenuen urte amaieran. Hilabete batzuk igaro direnean, gustura zaude lanarekin?
Oso. Gogoa neukan itzulpena egiteko, liburua bera izugarri gustatu zitzaidan eta paperean ikusi nuenean poz ikaragarria sentitu nuen. Emaitzarekin gustura eta oso lasai geratu naiz berme ona daukalako: nik itzuli bitartean Sora Ryu izan dut aldamenean, berak berrikusi du itzulpen osoa ziurtatzeko euskarazkoa bat zetorrela jatorrizkoarekin.
Zer nolako harrera izaten ari da lana?
Eleberria 2025eko azaroan kaleratu zen, baina aurkezpena joan den otsailean egin genuen, eta orain hasi naiz handik eta hemendik iritziak jasotzen. Egia esan, jendeari asko gustatzen zaio. Niri ere asko gustatu zitzaidan, ematen du zeresana.
Nola deskribatuko zenuke Han Kangen obra literarioa?
Oro har idazkera antzekoa erabiltzen du bere lanetan. Oso estilo berezia du, horregatik da ezaguna. Estilo soila, baina era berean oso poetikoa eta oso indartsua du. Bere obran poetikotasun handiz lantzen ditu gai jakin batzuk, besteak beste, indarkeria, memoria historikoa, memoria pertsonala, trauma historikoa, gorputza, gizakiaren hauskortasuna, existentzia… denak ere gai oso transzendentalak.
Eta ‘Barazkijalea’? Nolakoa da?
Beharbada poetikotasun horren adibiderik muturrekoena edo adierazgarriena izango da. Prosa soila erabiltzen du, beharbada hotza ere gerta daitekeena, baina, esan bezala, oso poetikoa edo lirikoa, tarteka onirikoa ere, ametsak kontatzen dituelako. Eszena oso bisualak ditu, oso deskriptiboak, batzuetan deserosoak eta gogor xamarrak gerta daitezkeenak, eta batzuetan nahiko goreak. Entzun izan dun Han Kang idazle baino gehiago artista bisuala dela, sortzen dituen irudi eta eszena bitxi, ezohiko eta gogoangarriengatik.
Ezagutzen zenuen bere lana lehendik?
2024an Nobel Saria eman ziotenean izan nuen bere berri. Pena da baina ordura arte ez nuen ezagutzen, eta uste dut oso orokorra dela hemen: mendebalde esaten dugun honetan, idazle asiarrak, eta idazle emakume asiarrak, tamalez, ez dira hain ezagunak. Nobela eman ziotenean liburu honen gaztelaniazko itzulpena irakurri nuen, La Vegetariana, eta izugarri gustatu zitzaidan, nire-tzat deskubrimendu handia izan da idazle hau.
Nolakoa izan da dokumentazio lana?
Ez pentsa horren handia izan denik. Kontua da beka honek epe bat zehazten duela eta ez dagoela hainbesteko tarterik. Niri 2025eko urtarril bukaeran esan zidaten beka emango zidatela eta irail erdirako entregatu behar nuen itzulpena. Itzuli bitartean pixka bat dokumentatzen joan nintzen. Dokumentazio lan horretan nire laguntza onena Sora izan da, neska Hego Korear bat euskaraz ere badakiena, eta bera izan dut laguntzaile. Hari joan nintzaion galdetzen bidean sortu zaizkidan zalantzak, hizkun-tzaren kontuak, erregistroarenak, kulturalak, gastronomikoak…
"Entzun izan dun Han Kang idazle baino gehiago artista bisuala dela, sortzen dituen irudi eta eszena bitxi, ezohiko eta gogoangarriengatik”
Zer hizkuntzatik egin duzu itzulpena?
Zubi hizkuntza bezala nagusiki gaztelania eta frantsesa erabili ditut, eta neurri txiki batean ingelesa ere bai. Han Kangen argitaletxeak berak gomendatu zuen hori, ingeleseko itzulpenarekin polemika izan zela dirudi. Bere garaian Man Booker International saria eman zioten, 2016an, baina antza denez ez da oso leiala, nahiko libreki jokatu omen zuen itzultzaileak.
Nola itzultzen da bi hizkuntzatik aldi berean, jatorrizkoa ezagutu gabe?
Gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenen arteko konparazioa egin nuen, eta ikusi nuen bertsio batetik bestera inkoherentzia dezente zeudela, nahiz eta, berez, itzulpen nahiko antzekoak izan. Bi edo hiru esalditik batean topatzen nuen zerbait bat ez zetorrena. Hemen, beste behin ere, Sora aipatu behar dut, berak lagundu dialako argitzen bietatik zein zen zuzena. Kasu gutxi batzuetan bakarra ere ez zen zuzena, eta berak egiten zidan bere gutxi gorabeherako itzulpena, gero nik berak esandakotik itzultzeko. Gainera, amaieran, itzulpenaren berriksupen osoa egin zuen, ikusteko bat al zetorren jatorrizkoarekin.
Jatorrizko hizkuntzatik itzultzea omen da egokiena, baina halako hizkuntza konbinazioetan zaila izango da.
Euskararen kasuan nahiko ohikoa izaten da zubi hizkuntzetatik itzultzea, zaila izan daitekeelako hizkuntza txikiago edo ezezagunagoetatik egingo duen norbait aurkitzea. Jatorrizko hizkuntza ez jakitea handicapa da, ezin duzulako jakin benetan leiala izaten ari zaren. Bidean zerbait galduko dela, dudarik ez egin, beste itzultzaile batek hartu dituen erabakien gainean ari zarelako itzultzen. Nik ziurta dezaket euskarazko bertsioa eta jatorrizkoa guztiz bat datozela, bi bertsioak esaldiz esaldi eta ia-ia hitzez hitz konparatzen joan naizelako, Sorari galde-tzen, eta ingelesekoarekin ere konparatu dut guztiz argi geratzen ez bazen. Horrelako kasuetan itzultzaileak lan bikoitza egin behar du.
Emakume izoztua eta Landa aldeko neskak euskaratu dituzu honen aurretik, frantsesetik eta ingelesetik. Horiekin alderatuta, zein-tzuk izan dira oraingoan erronka nagusiak?
Aipatu berri dugun hori bera, jatorrizkoa ezin ulertzea eta zubi hizkuntzen mende egotea. Bestalde, linguistikoki eta sintaxi aldetik Barazkijalea-k ez dauka hain prosa konplikaturik. Emakume izoztua-ren prosa oso konplikatua egin zitzaidan, oso bihurria eta korapilatsua delako. Annie Ernauxen ezaugarrietako bat hori da, oso estilo propioa duela. Barazkijalea-ko estiloa, zubi hizkuntzetan ematen duenez behintzat, ez da horren partikularra, soilagoa da eta nahiko neurtua. Horrek bere erronkak ere baditu: esaldi laburretan asko esaten da, hitzak oso neurtuta daude, indar handia dute eta jakin behar duzu zure hizkuntzan efektu bera lortzen hitz gutxitan.
Hau da Jokin Zaitegi beka eskuratzen duzun bigarren aldia. Zer eskaintzen die itzultzaileei eta euskal itzulpengintzari beka honek?
Horrelako bekak oso-oso garrantzitsuak dira euskarazko itzulpengintzarentzat, lehen lerroan jartzen dutelako batetik eta, bestalde, ematen digutelako aukera euskaraz izateko literatura unibertsaleko izen eta titulu handiak.
"Esaldi laburretan asko esaten da, hitzak oso neurtuta daude, indar handia dute eta jakin behar duzu zure hizkuntzan efektu bera lortzen hitz gutxitan”
Landa aldeko neskak (Edna O’Brien) ere itzulpen lehiaketa baten bidez itzuli zenuen.
Euskarazko itzulpengintzan bi beka nagusi daude: Jokin Zaitegi Nobel saria jaso duten idazleen liburuak itzultzeko beka eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolatzen duen literatura unibertsalekoa. Urtero bi edo hiru liburu ateratzen dituzte itzultzeko. Bi beka horiei esker euskal irakurleek aukera daukate literatura unibertsaleko liburuak euskaraz irakur-tzeko.
Eta itzultzaileek, zer baldintza izaten dituzte itzuli bitartean? Zuk lanean jarraitu duzu itzuli bitartean?
Landa aldeko neskak-ekin aldi berean aritu nintzen lanean eta itzulpenarekin. Jardun osoan nengoen eta denbora librean itzuli nuen. Gustura aritu nintzen nire lehen itzulpen literarioa zelako eta ilusio handia neukalako, baina gogorra izan zen. Bigarren itzulpena, Emakume izoztua, justu-justu ama izan berritan egin nuen. Lehen haurra jaio eta bi hilabetera eman zidaten beka. Amatasun bajan nengoen eta gero eszedentzia bat hartu nuen, baina oso kaotikoa izan zen. Ez nuke esperientzia errepikatuko, nahiko gogorra izan zelako erdiondo betean hainbeste lan eta esfortzu eskatzen duen proiektu bat egitea. Barazkijalea-ren kasuan, hasieran lanaldi osoan nenbilen IVAPen itzultzaile, eta aldi berean hasi nintzen honekin. Gero haurdun geratu nintzen bigarren aldiz eta haurdunaldiko baja aprobetxatu nuen itzulpenari kaña sartzeko. Kasualitatea, itzulpena eta nire semea biak aste berean atera edo jaio ziren [barrez].
Ekonomikoki, zaila ematen du itzulpen literarioetan soilik aritzea.
Beka hauek nahiko duinak izaten dira, baina hasten bazara kalkuluak ateratzen, zenbat denbora inbertitzen duzun horrelako itzulpen batean eta zenbat diru jasotzen duzun, ez du ematen. Gehiago da norberak nahi duelako, norberaren borondateagatik, diruagatik ez.
Amaitzeko, baduzu beste proiekturik eskuartean?
Momentuz geldialdia egingo dut. Bigarrenez ama izan naiz eta amatasunaz pixka bat disfrutatu nahi dut. Aurrera begira ere, ez dakit, oraingoz nahiko aseta nago alde horretatik. Neure itzultzaile lan normalera bueltatzen naizenean, segun eta beka hauetakoren batean zer liburu ateratzen duten, agian animatuko naiz, edo ez. Momentuz nahiko ondo nago, ez dut grina berezirik beste proiektu batean sartzeko. Egia da polita eta oso aberasgarria dela, baina denbora asko kentzen dizu eta dedikazio handia jarri behar diozu. Nik, momentuz, pausatxoa egingo dut.