Merina Grisena anonimotasunetik eraikitako soinua dela erran zitekeen, baina hankamotz geldituko litzateke. Hirukote donostiarraren musikak zerbait baldin badu, izan ere, hori nortasuna da. Aurreiritziei eta konplexuei izkin egiten dien nortasuna, Paskalek adierazi bezala.

Lehenengo aldia izanen duzue Sanferminetan. Gogotsu?

Guretzat Sanferminetakoa bezalako plaza batean egotea kristorena da. Iaz egon ginen Iruñean, Rockollection aretoan. Areto txiki batetik Gazteluko Plazakoa bezalako espazio handi batera igarotzea oso pozgarria da.

Nafarroako publikoak beti harrera beroa egin izan dizue, ezta?

Bai, oso gustura egon izan gara beti Nafarroan. Azkenekoz Atarrabiako Totem aretoan egon ginen J Martinarekin batera, eta Iruñerrian eman ditugun hiru kontzertuetatik bereziena izan zen, sortutako giroagatik. Egia esan, Nafarroa bihotzean daramagu.

Gaztelu Plazako eszenatokia Delaporterekin partekatuko duzue. ‘ALMAR’ zuzenean entzuteko aukera izango du Iruñeko publikoak?

Baietz akordatu genuen, baina azken unera arte ez dugu ziur jakinen...

Nola sortu zen Delaporterekin egindako kolaborazio hau?

Belakoko Crisekin kolaborazio bat egin genuen aurretik. Delaporterekin zeozer egitea pentsatu genuen, estilo aldetik gustatzen zitzaigulako eta gure antzekoa izan zitekeelako, eta Crisen lagunak zirenez hari aipatu genion. Ez genekien zer esango zuten, baina baiezkoa eman ziguten. Abestia bidali genion eta beraiek bere kabuz grabatu zituzten euren pistak. Beraz, Iruñean lehenengo aldiz aurkituko gara aurrez-aurre.

2020an eratu zineten talde bezala eta iaz atera zenuten lehenengo diskoa, ‘Gureak ez zirenak’. Hasieratik harrera oso ona izan duzue jendartean, ezta? Espero zenuten horrelako onarpena?

Egia da ez dela lehenengo entzunaldian erraza suertatzen den musika bat, edo hori uste genuen behintzat. Baina hasieratik oso harrera ona egin digu jendeak, orokorrean. Guk gure buruan konfiantza daukagu, egiten dugun honetan sinisten dugu. Baina egin duzun hori kanpora ateratzen denean eta ikusten duzunean jendeak harrera minimo bat egiten diola eta gero eta gehiago entzuten dela, musikazale amorratuak ez diren horiengana ere iristen dela, zerbait ongi egiten ari zarela ohartzen zara. Guk gurean sinisten dugu, baina ez genuen espero horrelako harrerarik.

Bazegoen bete beharreko hutsune bat euskal panoraman, alde horretatik?

Bai, baina ez dugu guk bakarrik bete. Gurekin batera hasi diren askok ekarri dute aldaketa. Konplexurik gabe musika entzuten eta egiten duen jendeaz ari naiz, betiko punk-rock horretatik atera garenak. Eta ez diot txarrera, nik horretatik pila bat edan dut, baina hortik ateratzeko eta beste modu batean sortzeko bidea ireki da. Etxetik sortu dezakegu orain, ez dugu lokal batera joan, bateria muntatu, ekipo bat eduki eta instrumentu guztiak prestatu beharrik, etxean sortu dezakegu musika. Ez zegoen horretatik sortu dugu zerbait, hori izan daiteke. Hala ere, uste dut fase hori gainditzen ari garela jada, bagaudelako batzuk eta erreferentziak kalean aurkitu daitezkeelako dagoeneko.

“Pop zakarra” bezala definitzen duzue zuen soinua. Zergatik?

Ba “pop” bakarrik ez jartzeagatik, kar-kar. Argi eta garbi, popa da egiten duguna. Baina egia da gure musikak baduela garraztasun edo alde ilun hori. Norbaitek “pop apelativo” deitu zion gazteleraz, ez dakit nola esango zen euskaraz baina, nolabait, arreta jartzera behartzen zaituen musika izango litzateke. Baina bai, zehazteko erabiltzen dugu “zakarra” hitza, “pop” bakarrik jarriz gero jendeak gitarra eskuan duen kantautore espainol bat irudikatzen duelako.

Kutsu iluna edo batzuetan tristea ere suertatu daitekeen ikutua badauka egiten duzuenak…

Bai, azkenean emo batzuk gara, kar-kar. Musikalki “kanta goibelak ditugu maite”, Gorka Urbizuk esaten duen bezala. Azken disko honetan oso presente dagoen zerbait dela esango nuke, nostalgia eta tristura kutsu hori.

Zuen letretako aunitzetan, baita zuen jendaurreko jarreran ere, aurreiritzien kontrako diskurtsoak, gaur egun daukagun irudiarekiko eta itxurakeriarekiko obsesioak, badauka presentzia nabarmena. Garrantzitsua da zuentzat horren inguruko diskurtso bat eraikitzea?

Egia esan bai, dena dago lotuta. Autokritika era bada, ez da bakarrik bestea kritikatzea. Azkenean gu ere sareetan gaude, behartzen gara publikatzera zeozer ateratzen dugunean… Gurpil horretan gaude. Baina horren inguruan hitz egitea beharrezkoa dela ikusten dugu, irudiak dakarren presioaz eta etengabe haren inguruan lanean egote horrek. Diskoa bukatu ondorengo garai horretan oso nekatuta bukatu genuen mentalki, presio horrengatik, publikatzen den guztia neurtu behar izateaz eta horrek eragiten duen presioaz.

Irudiak, hala ere, badauka pisu nabarmena ere zuen ekoizteko moduan, ezta? Zuen bideoklipak ikustea besterik ez dago.

Egia da garrantzia ematen diogula. Aurretik beste taldetan egondakoak gara, eta hauetan lehenengo abestia egin eta ondoren zetorren bideoklipa egitearen idea. Orain, gure lan egiteko modua dena batera pentsatzea da: abestia egiten dugunean bideoklipan pentsatzen ari gara, bideoklipa pentsatzen dugunean argazkian pentsatzen ari gara…

Konposizio fasetik bertatik?

Konposatzen ari garenean igual ez, lehenengo aldi horretan, baina abestia janzten ari garenean jada bai. Abestia ekoizte aldetik eta ideia eta letra pentsatu dugunean, orduan pentsatzen hasten gara zer islatu nahi dugun bideoarekin, zein izango den argazki mota… Denbora baldin badugu landuagoa egiten dugu, juxtu gabiltzanean gutxiago, baina pack moduan lan egiten dugu dena den.

Arrigurikoak ondoan izaten dituzue bideogintzan, kalitatea bermatuta dago…

Bai, guk argi dugu norekin lan egin nahi dugun, gainera lagunak dira, beraz, errazagoa da alde horretatik. Baina argi dugu kalitate minimo bat beharrezkoa dela, bai musikan bai ateratzen ditugun gauza guztietan. Gehienbat, gu gure buruarekin exigenteak garelako. Soinuarekin egiten dugun bezala, uste dugu denak egon behar duela maila berean, edo behin-tzat atal bakoitzean 100% eman behar dugula.

Lagunartean jarduteko modu hori ere bada, nolabait, egungo belaunaldiaren beste ezaugarri nabarmenetako bat, ezta? Eta hori emaitzan islatzen da.

Garbi. Guri askotan esan digute: “Hauek diruz lepo egongo dira”. Baina ez du ezer ikustekorik horrekin. Denbora daramagu bai ikus-entzunezkotan bai musikan aritzen, badugu esperientzia. Arrigurirekin egiten dugu badakigulako onak direla eta lagunak garelako.

Udara begira, egutegia nahiko beteta datorkizue…

Bai, dagoeneko hasi gara lehenengo kontzertuekin eta uda mugitua izango da. Baina gogotsu gaude udara potente bat egiteko eta aldi berean sorkuntzari ere tokia egiteko, denbora gelditzen bazaigu behintzat…

Zeozer daukazue esku artean dagoeneko?

Badaukagu zerbait bai, ideia solte batzuk eta ideiak baino gehiago direnak ere. Udaratik bueltan aterako da zerbait. l