Orain hiru urte hasitako bideari jarraituz, KILI KILI proiektuarekin aurrera jarraitu da ikasturte honetan ere. Lehen urteetan ikastetxeko jantokia, gelen egokitzea eta jolasaldietan lasai egoteko txokoaren lanketak egin baziren, aurtengoan ikastetxeko jolastokiaren inguruan lan egin dugu.

Lan hau aurrera eramateko TIPI GARA taldekoen laguntza izan dugu. Proiektua hiru fasetan banatu zen. Lehenean helduen prestakuntza eta elkarsorkuntza landu ziren. Hurrengo bi faseetan gehien bat ikasleen partaidetza izan da bultzatu dena, bai JABETU fasean eta bai ASMATU fasean ere.

Fase hauek aurrera ermateko lehenik gela bakoitzean bi ordezkari hautatu ziren eta beraiekin “Ikasle batzordea” sortu zen. Batzorde honen eginkizuna izan da bileretako informazio eta erabakiak geletara eramatea, eta, alderantzi; hau da, gelan sortzen ziren kezkak hurrengo batzordean adieraztea.

Lehen fasean bi aldiz elkartu ziren batzordekideak. Hasiera batean asmoa zen LH eta DBHko ikasle guztiak batera lan egitea, baina kide kopuru handia zenez, erabaki zen LHkoak alde batetik eta DBHkoak bestetik egitea bilera horiek. JABETU fase honetan ekintza aktibatzaile bat ere egin zen ikasleak konturatzeko ekintza berri bat landu behar zutela ikasturte honetan. Horretarako DJ Reimyren laguntza izan genuen eta bi jolasaldietan ikasleen artean ibili zen bere musikarekin ikasleak animatuz.

Lehen fase honetan beste ekintza bat egin zen eta bertan ikasle guztiek hartu zuten parte. Bakoitzari banatu zitzaion ikastetxe kanpoko plano bat eta bertan adierazi behar izan zuten zein zen bakoitzaren gustuko edo ez gustuko lekua eta baita ere bere leku kuttunena.

Fase honetan jasotako informazioaren bilketarekin eman zitzazion amaiera lehen zatiari.

Bigarren fasean beste bi batzorde bilera egin zituzten ikasleek eta baita ere beste bi ekintza, non ikasle guztiek hartu zuten parte. Lehen ekintza sortzailea izan zen eta bertan ikasleak taldeetan jarri ziren. Talde bakoitzari plastiko gardena eta zinta itsaskorra eman zitzaion eta beraien lana izan zen ikastetxe kanpoko eremuetan zer egin daitekeen pentsatzea eta ideiak sortzea zegokion lekuan eskuhartuz beraien proposamenekin.

Ikasleek parte hartu zuten azken ekintza izan zen proposatutako egitasmoari beraien iritzia ematea, post-it-en bidez; adieraziz gustuko porposamena zen edo ez. Honetarako, batzordeko ikasleak erbili ziren aurkezle bezala. Maila bateko ikesleek beste mailakoei adierazi zien zer egin behar zuten ekintza honetan, kasu bazutean goi mailakoei eta beste batzuetan behe mailakoei, baina ardura beraiena izan zen.

Ikasleen partaidetza amaitu ondoren hasi da helduen lana, KILI KILI batzordeko kideena. Maiatza eta ekainean zehar hiru saio izango dira eta saio horietako eginkizuna izango da ikasleek egin dituzten proposamenak ezagutzea eta horien bidegarritasuna lantzea. Esan behar da ideia ugari eta bereziak ere adierazi dituztela ikasleek, beraien lan saioetan eta lan hori azken txostenean adieraziko da.

Baina txosten askotan bezala, hurrengo lana izango da garrantzitsuena: egia bihurtzea ikasleek amestu duten jolastokia.