Bi aste besterik ez dira falta euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Euskal Herria alderik alde gurutzatu dezan. Harro Herri lemapean, Korrikaren 23. edizioa Irundik abiatuko da martxoaren 14an eta Baiona izanen du helmuga martxoaren 24an. Atzo, AEK-k Iruñean egin zuen agerraldia, ekimenaren Nafarroako aurkezpen sozialean. Motorrak berotzen hasteko ekitaldia izan zen, Nafarroako Antzerki Eskola bete zuten gizarteko alor desberdinetako gonbidatuen babesean ospatu zena.

Denetara, euskalgintzako, alderdi politiko desberdinetako, erakundeetako, hedabidetako, sindikalgintzako eta euskalgintzako 100 gonbidatu baino gehiago bildu ziren Pantxika Lamur clownak aurkeztu eta dinamizatu zuen agerraldian. “23. Korrika mundu berri bat balitz, herri-aldarrien mundua izango litzake”, adierazi zuen.

Xabier Gartzia, Jabi Arakama, Ana Ollo, Ane Elordi eta Koldo Martinez, photocallean. Iban Aguinaga

Aurkezpenea iluntzeko 19:00etan abiatu bazen ere, aurretik gonbidatuek photocall-etik igarotzeko tartea izan zuten. Erakundetako ordezkari ugari bertaratu ziren, tartean Nafarroako lehendakari orde Ana Ollo eta Begoña Alfaro, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Uhalde, Euskarabideko zuzendari Jabi Arakama eta Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Beloki eta Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi Aitziber Campión, besteak beste.

Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), AEK-ko Xabier Gartzia, Ane Elordi eta Asier Biurrunekin. Iban Aguinaga

Ez zioten hitzorduari huts egin LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariek, ezta hainbat partidu politikoetako aurpegi ezagunenek ere, tartean Miren Zabaleta (EH Bildu), Koldo Martinez (Geroa Bai), Mikel Armendariz (Geroa Bai) eta Iñigo Rudi (Contigo Zurekin), besteak beste. Hezkuntzaren arlotik, Nafarroako Ikastolen Elkarteko, Sortzeneko, IKA-ko zein Zubiarte euskaltegietako ordezkariak bertaratu ziren Korrikako 23. edizioari euren babesa erakustera; baita euskalgintzako eta kulturgintzako sarea osatzen duten erakundeetako ordezkariak ere, tartean Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), Oskar Zapata eta Irati Iciar (Topagunea), Agurne Gaubeka (Behatokia) eta Saioa Oneka (Bertsozaleen Elkartea); beste hainbat erakunde eta mugimendu sozialekin batera, hala nola Zaporeak, Dindaia, Sare, Orreaga Fundazioa, Nafar Ateneoa...

'Harro Herri': Mursego pone voz a la Korrika 2024

Ane Elordi Alburquerque 23. Korrikako arduradunak azpimarratu zuen bezala, aurtengo Korrikak aniztasuna azpimarratzea izanen du helburu. “Izan ere, guztiz euskararen alde egiten ez duen oro ere ukitu nahi ditugu. Euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren, parte sentiarazi; eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu”. Halaber, “mundu euskaldun bat” irabazteko aldarria egin zuen, baita konplexu guztiak gailentzekoa ere. “Geure burua baieztatzeko unea ere bada, bidegurutze baten aurrean gaude. Garaia da aho betez oihukatzeko euskaraz bizi nahi dugula. Euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da”.

Oholtzan, Ainhoa Egizabal dantzariak eta Eñaut Zubizarreta Trigger txelo jotzaileak ekitaldia musika eta dantzaz jantzi zuten.

Korrika 23

Martxoaren 14tik 24ra. Hamar gau eta hamaika egunez, Irundik abiatu eta Baionara helduta, Korrikaren 23. edizioak 2.700 km eginen ditu Euskal Herrian barrena. Nafarroa Garaian martxoaren 15ean sartuko da lehenengoz, eta martxoaren 19an jarraituko du Gipuzkoatik.