Las Cañaseko aintzira, naturaren txoko isil eta eder bat da, non urtero Erentzun Ikastolako ikasleak joaten diren ingurune honen garrantziaz jabetzeko eta haren zaintzan parte hartzeko. Urtegia Kontserbazio Bereziko Eremua da eta 178 hektarea ditu luze-zabaleran. Vianako hirigunetik oso hurbil dago, Errioxarekiko mugan. Jatorriz, nekazaritza helburuetarako sortu zen, baina denborarekin bere ekosistema bereziagatik erreserba biologiko gisa aitortu da. Urmael hau, bere ezaugarriengatik, flora eta fauna anitzentzako bizileku bihurtu da.

Las Cañaseko aintzira erretserba aitortu zen bere biodibertsitateagatik. Zer esan nahi du honek? Urmael honetako ingurune hezeak espezie desberdin askorentzako babeslekua eta elikagai-iturria dela, hainbat hegazti migratzaile barne. Leku txiki batean, 192 hektarea, espezie pila aurki daitezke, eta hauek babesteko sortu zen erretserba.

Las Cañasek urtero ehundaka hegaztirentzat geldialdi leku bat eskaintzen du haien migrazio-bidaia luzeetan. Hotel bat bezalakoa da haientzat. Atsedena hartzen dutenen artean arrano arrantzalea, ahate gorrizta, uroilanda pikarta eta ur-benarriza daude. Gainera, urtaroaren arabera espezieak aldatzen joaten dira. Hegazti batzuk, hala nola zingira-mirotzak, hegaberak, kopetazuriak, basahateak, murgilari arruntak eta zertzetak, neguan bertan egoten dira. Erraz ikus daitezkeen beste hegazti batzuk ubarroiak, koartza hauskarak, kaioak, zikoinak, basahateak, beltxargak eta lertxunak dira. Zelako zerrenda! Zorte handia baldin baduzu, mehatxatuta dagoen txori zezena entzuteko aukera izango duzu. Bere kantua zezen baten marrua bezalakoa da!

Ugaztunen artean, mehatxatuta dagoen bisoi europarra azpimarratu behar da, baina zaila da oso hau ikustea. Askoz gehiago daude: basurdeak, azeriak, azkonarrak, saguak… Baina zerrendak jarraitzen du. Arrainak ditugu, narrastiak (dortokak, sugeak…), anfibioak (igelak, apoak, arrabioak…) eta intsektu pila ere badira noski, zer jango dute aipatu ditugun hainbat hegazti eta ugaztunak bestela? Bisitan etortzen diren ikastolako haurrak ere badira hegaztiak, hauek ordea, ez dira aintziran bizi, herrian baizik.

Ikusten denez, Las Cañaseko urtegia ez da soilik ur-biltegi bat; ingurumenaren eta biodibertsitatearen kontserbaziorako oasi bat da. Hezegune hau hegalari eta ugaztunentzat bizileku eta elikagai-iturri garrantzitsua da eta, aldi berean, bisitatzen dutenentzat ingurugiroaz ezagutzeko eta gozatzeko aukera paregabea. Txori txikien lehen txorrotxioetatik hasita, Las Cañasko urtegia bizirik dago eguneko ordu guztietan. Ahateak uretan murgiltzea, zikoinek jotzea, intsektuen burrunba, hegan doazen basahateen txistua eta igelen korroka. Aintzira espazio zaratatsua da, eta urrats bakoitzean aurkituko duzun ikuskizunak harrituko zaitu.

Erentzun Ikastolak urtero antolatzen du ateraldi pare bat maila desberdinetan bertan dagoen El Bordon behatokira. Prismatikoak eta teleskopioak hartu eta, molestatu gabe, hegaztiak gertutik ikusteko aukera dute.

Bisita hauek naturarekiko errespetua eta maitasuna sustatzeaz gain, ikasleei ingurumenaren zaintzaren garrantzia irakasten die. Ikastolako komunitateak, gainera, erretserbarekin kolaboratzen du zuhaitzak landatzen eta behatokiko arduradunek antolatzen dituzten heziketako proiektuetan parte hartzen, ekosistemaren kontserbazioan modu aktiboan inplikatuz.